Itxi

Literatura

Euskaltzaindiaren argitalpena

Irlanda protagonista, 'Erlea' aldizkariaren bigarren zenbakian

Erredakzioa

Bernardo Atxagak zuzenduta, Euskaltzaindiaren kultur argitalpenak Irlandara egingo du bidaia, Paddy Woodworth idazle eta kazetaria lagun duela.

Saint Patrick egunaren ospakizunarekin bat eginez, Euskaltzaindiak Erlea aldizkariaren bigarren zenbakia aurkeztu du. Irlanda da zenbaki honetako gai nagusia, eta, hori dela eta, aurkezpena gaur egin da, martxoaren 17an, Irlandako festa nazionalean.

Euskaltzaindiak argitaratzen du Erlea, eta Jose Irazu Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzain osoa da aldizkariko zuzendaria. Pamiela argitaletxea arduratzen da edizioaz eta diseinuaz.

Irlandako literatura jorratzen du zenbaki honek, eta bidaia bat proposatzen digu, Euskal Herritik Irlandara, baina baita Irlandatik Euskal Herrira ere. Bidaia hori prestatzeko Paddy Woodworth Irlandako idazle eta kazetariaren laguntza izan du Atxagak. Bere herriko poema interesgarrienak bildu ditu Woodworthek, eta bildutakoak euskarara itzuli ditu Atxagak. ''''Oraingo zenbaki honetako lanik zailena izan da itzulpena'''', esan du Obabakoak eleberriaren egileak Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin duten aurkezpenean.

130 orrialdetan Irlandako giroa islatu nahi izan dute. Horretarako, Patxi Ezkiagaren itzulpenak edota Txomin Artola eta Jose Angel Irigarairen lanak bildu dituzte bertan. Irlandan egindako egonaldian Gipuzkoako musikariak ateratako argazkiak eta komentarioak daude bigarren zenbaki honetan, baina baita Irlandako historiari buruzko eta herriak sortarazitako zirrarei buruzko artikuluak ere.

Berriki zendutako Juanjo Zearreta Euskaltzaindiko kudeatzailearen eta Joxemiel Bidador idazlearen omenezko artikulu bi ere argitaratu dituzte Erlea aldizkariaren bigarren zenbakian.