Literatura
Lehen lana
'Galerna' eleberria kaleratu du Iratxe Esnaolak
Erredakzioa
Lan honekin irabazi zuen idazle gazteak 2010eko Augustin Zubikarai nobela laburren saria joan den urtarrilean. Donostiarraren lehen liburua da 'Galerna'.
Galerna bere lehenengo liburua kaleratu berri du Iratxe Esnaolak (Donostia, 1983). Joan den urtarrilean Augustin Zubikarai nobela laburren saria irabazi zuen donostiarrak lan honekin, eta orain Elkar argitaletxeak kaleratu du eleberria.
Galerna sasoiko sargoria islatzen du lanak. Abuztuko azken eguna da itsasertzeko hiri turistiko batean. Beroa jasanezina da, eta galerna datorrela antzematen da. Giro sargori horretan lau pertsonaia aurkezten dizkigu Esnaolak: Alde batetik, Nora eta Sebasian Bechener, adin ertaineko turista bikotea. Bata bestearekin aspertuta, sentsazio berrien bila dabiltza, zer nahi duten argi ez badakite ere. Bestetik, hoteleko zuzendaria eta bere alaba nerabea ditugu, nora ezeko uharte banatan sartuak eta ametsaren eta errealitatearen arteko arrakalan eroriak. Lauren arteko harreman sare bat hedatuz doa, gero eta nahasiagoa, guztiak ere korapilatuko dituena.
Iratxe Esnaola Donostian jaio zen 1983an. Kazetaritzan lizentziatua da EHUn, eta Literaturaren Teorian eta Literatura Konparatuan Granadako Unibertsitatean. Gaur egun unibertsitateko irakaslea da Txileko Santiagon. Hauxe du argitaraturiko lehen lana.