Itxi

Literatura

Liburutegi publikoak

Eliburutegiak 1.100 lan klasiko gehitu ditu katalogora

N.V. | eitb.eus

Euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko liburuok, egile eskubiderik gabekoak, amaiera datarik gabe hartu ahal dira maileguan. Urte eta erdian, 47.449 mailegu egin ditu zerbitzuak.

1:17

Eliburutegiak, EAEko Irakurketa Publikoko Sarearen liburutegiek Interneten bidez eduki digitalen irakurketa errazteko eskaintzen duten zerbitzuak, bigarren faseari ekin dio, abiatu eta urte eta erdira.

Berritasunen artean, katalogoa handitu izana dago; hain zuzen ere, euskarazko 100 liburu gehiago, gaztelaniazko 500 gehiago eta ingelesezko beste horrenbeste gehiago jarri dituzte Eliburutegiko erabiltzaileen eskura. Lan klasikoak dira, egile eskubiderik indarrean ez dutenak, eta nork bere gailu mugikor edo ordenagailura jaitsi, eta iraungitze datarik gabe gorde ahalko dira. Maileguan hartutako gainerako liburuekin gertatzen den ez bezala, ez dira 21 egunen buruan borratuko.

Euskarazko lanak eskaini ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak akordio hitzartu du Armiarmarekin, erakunde honek horrelako lanak hautatu, berreskuratu eta editatzeko duen eskarmentuan oinarrituta. Besteak beste Agosti Xahoren, Lauaxeta, Lizardi eta Kirikiñoren, Jon Miranderen, J.A. Mogelen eta beste idazle askoren lanak jaitsi ahalko dira, baita “Linguae Vasconum Primitiae” (1545) edo Lazarragaren eskuizkiribua ere, adibidez.

Gaztelaniazko katalogoa zabaltzeko, Miguel de Cervantes Liburutegi Digitalaren Fundazioarengana jo du Jaurlaritzak, eta erakunde horrek gaztelaniazko 500 lan uztea lortu du: Perez Galdos, Zorrilla, Lope de Vega, Quevedo, Larra, Tirso de Molina, “Quijote”…

Ingelesez, bestalde, egile hauen lanak egongo dira zerbitzuaren erabiltzaileen eskura: Robert Louis Stevenson, Mark Twain, Charles Dickens, Virginia Woolf, Hans Christian Andersen, Leo Tolstoy, Oscar Wilde, Arthur Connan Doyle…

Pirateriaren aurkako kanpaina

Bestalde, Eliburutegiak gizarteari pirateriaren aurkako kontzientzia hartzen laguntzeko kanpaina bati ekingo dio ekainean, sare sozialetan eta Interneten. Google Adwords iragarkien bidez eta hitz gako batzuk erosiz, Eliburutegiak bere katalogoa eta maileguan hartzeko liburuen zerrenda -legezkoa eta egile eskubideekin zintzoa- eskainiko dizkie eduki ez-zilegien bila ari diren irakurle digitalei.

Euskal diaspora

Euskal diasporako kideek izena eman dezakete Eliburutegian. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean eskuragai dagoen formulario bete, eta Sailaren Liburutegi Zerbitzura bidali behar dute, mezu elektroniko batean.

Aplikazioa

Halaber, ekainetik aurrera, Eliburutegiak gailu mugikorretarako aplikazioa izango du. Lehenengo Android sistema erabiltzen duten gailuetan eta geroago Ios darabilenetan erabili ahalko da Liburutegi Digitalaren katalogora sartzeko aplikazioa.

Mailegu gehien, Coelhoren liburuek

2014aren azaroaren 26an abiatu zutenetik, 47.449 mailegu egin ditu Eliburutegiak. Gaztelaniaz, “Adulterio” Paulo Colhoren lana eskatu dute beste edozein baino gehiago, 166 aldiz, eta euskaraz, berriz, “110. streeteko geltokia” Iñaki Zabaleta Urkiolarena (91 mailegu) .