Itxi

Literatura

PEN elkartea

Mariasun Landak Rosalia de Castro PEN Galiziaren saria jasoko du

Agentziak | Erredakzioa

Euskal idazleak Galiziako PEN idazleen elkartearen saria jasoko du larunbatean, hilak 1, Santiagon.

Mariasun Landa euskal idazleak Rosalia de Castro saria jasoko du, PEN Galizia elkartearen eskutik. Orain 16 urte sorturiko saria bi urtetik behin ematen da, eta aurten, Landaz gain, beste hiru idazle sarituko ditu: Cabo Verdeko Dina Salustio, Almudena Grandes espainiarra eta Alex Susanna katalana.

Euskal PEN Klubak gogorarazi duenez, ez da Landak jasotzen duen lehen saria. Aurretik, Euskadi Saria (1991) eta Haur eta Gazte Literaturaren Espainiako Sari Nazionala (2003) hartu ditu, eta hautagai izan zen Andersen sarian. Bere lan batzuk IBBY erakundearen Ohorezko Zerrendan sartu dira, eta 2014an Eusko Ikaskuntzaren Kultura, Arte eta Giza Zientzien Saria jaso zuen.

PEN Galizia elkarteak larunbatean banatuko du Rosalia de Castro saria, Santiagon, PEN International erakundea Ourensen egiten ari den 82. biltzarraren azken ekitaldian.

Aurreko edizioetan hainbat idazle ezagun omendu ditu Galiziako PEN taldeak Rosalia de Castro sariarekin, hala nola José Saramago, Gonzalo Torrente Ballester, António Lobo Antunes, Manuel Vázquez Montalbán, Ricard Salvat, José Ángel Valente, Anjel Lertxundi, Ernesto Sabato, Nélida Piñón, Rubem Fonseca, Isabel Allende, Joan Perucho, Álvaro Mutis, Bernardo Atxaga, Francisco Brines, Pere Gimferrer, Carme Riera, Sophia de Mello, Felipe Juaristi, Mia Couto, Agustina Bessa Luís, Antonio Gamoneda, Itxaro Borda, Francesc Parcerisas Claudia Piñeiro eta Antoni Serra.