Itxi

Literatura

Elkarrizketa

Beñat Sarasola: 'Merkatu-logikan erorita, literaturarenak egin du'

Natxo Velez | eitb.eus

“Munduko Poesia Kaierak” bildumako hiru lan berri, Nijole Miliauskaite, Stephane Mallarme eta Miroslav Holuben antologiak, aurkeztu dituzte. Beñat Sarasola bildumaren zuzendariarengana jo dugu.

  • 2014an hasi ziren "Munduko Poesia Kaierak" Beñat Sarasolak zuzentzen duen saila argitaratzen

    2014an hasi ziren "Munduko Poesia Kaierak" Beñat Sarasolak zuzentzen duen saila argitaratzen

Literatura argitaratzea ekintza ausarta da gaur egungo gizartean; zer eta poesia merkaturatzea abentura nahiak ematen duen kemenaren bidez uler daiteke soilik, ikuspegi ekonomikotik; eta mundu zabaleko poeta kutunen antologiak euskaratuta kaleratzeko adorea bildu izana zuhurtziagabekeriaren mailan kokatuko dute batzuek.

Bada, horixe egiten dihardu Susa argitaletxeak 2014ko martxotik, "Munduko Poesia Kaierak" sortaren bidez. Urtero sei lan argitaratzen ditu Beñat Sarasolak zuzentzen duen bildumak, hiru udaberrian eta hiru udazkenean, XIX. mende erditik aurrerako poeta unibertsalen lanak euskarara ekarrita.

Besteak beste, Aime Cesaire, Emily Dickinson, Sophia de Mello, Anne Sexton, Paul Celan eta Angel Gonzalez idazleen antologiak argitaratu dituzte orain arte, hamabost guztira, eta, gaur, Nijole Miliauskaite, Stephane Mallarme eta Miroslav Holubi eskainitako koadernotxoak aurkeztu dituzte.

Publikoak harpidetza bidez beregana ditzake lanok, urtean sei ale jasotzearen truke 40 euro ordainduta, eta dendetan ere aurki daitezke aleak, banan-banan.

Beñat Sarasolarekin hitz egin dugu, bildumaren inguruko zertzelada guztiak zehatz-mehatz jakiteko.

2014an abiatu zenituzten "Munduko Poesia Kaierak", eta 18. zenbakira ekarriko dute sorta udazken honen kariaz argitaratuko dituzuen hiru kaierek. Orain arte, zelako harrera izan duzue?

Oso pozik gaude bildumak izan duen harrerarekin. Orain arte saiakera bakanak baino ez ziren egon munduko poesia euskaratzeko, eta, beraz, ez genekien aski publikorik egongo ote zen halako bilduma bat bideragarria izateko. Esperientziak esan digu baietz, badagoela.

Egia da bilduma batez ere harpideek sostengatzen dutela eta dendetan gutxitxo saltzen dela, baina 150 harpide horiek balio handia dute guretzat. Badakigu behintzat 150 poesia irakurle finko ditugula sei hilean behin hiruna kaiera jasotzen dituztenak.

Bestetik, pozarren harritu gaituen beste zerbait medioek bildumari eman dioten arreta izan da. Badakigu poesia ez dela normalean komunikabideetan lekua izaten duten eduki horietakoa, baina, hala ere, Euskal Herriko ia komunikabide guztiak etorri dira bildumaz interesaturik.

Desberdintasunik igarri duzue egileen arabera? Saldu da modu adierazgarrian gehiago egile baten edo beste baten lana?

Egiletik egilerako salmenten arteko ezberdintasuna ez da handia ezinbestean, tirada xumeko proiektu xumea baita gurea. Gehien saldu direnak, normalean, ez dira ezagunagoak direlako-edo, baizik eta kaieraren harira itzultzaileak ikuskizunen bat edo irakurraldiak antolatu dituelako. Hori da, adibidez, Miguel Hernandezen (Josu Landa) edo Anne Sextonen (Harkaitz Cano –larunbat honetan taularatuko du ikuskizun hau Ondarroan, Literatur Amuak jaialdian–) kasua.

Esango nuke hori dela bide batez egun poesia zabaltzeko modurik eraginkorrena; dendetan baino gehiago saltzen da saioetan.

Nijole Miliauskaite, Stephane Mallarme eta Miroslav Holub poetak aukeratu dituzue udazkeneko uzta honetarako. Zer azpimarratuko zenuke bakoitzaren poesiatik?

Miliauskaite da ziur aski hiruretan ezezagunena, baina zoragarria da bere poesian azaltzen den sentsibilitatea, bereziki haurtzaroa eta natura (landare-loreak, adibidez) deskribatzean.

Mallarmez gauza berririk esatea nekeza da; XIX. mendeko poeta handienetako bat da, poesiaren historia bera irauli zuena.

Holuben poesiaren bereizgarri nabarmenena, ziur aski, zientzia eta poesia uztartzeko modua da; berak erakusten digu zientzia ez dela zertan arrotza izan poesian.

Munduko Poesia Kaierak

Zein irizpideren arabera aukeratzen dituzue poetak?

Irizpide nagusia da literatur balio handiko poetak izatea. Hartzen dugun denbora tartea modernitatetik gaur egun artekoa da, hau da, gutxi gorabehera XIX. mende erditik aurrerakoa, eta saiatzen gara aukeraketa ahalik eta orekatuena izan dadin alderdi guztietatik: poetaren jatorria, sormen hizkuntza, generoa, estiloa eta abar.

Jakina, muga dezente dugu hori guk nahiko genukeen moduan egiteko, eta, adibidez, orain arte apenas itzuli dugu Mendebaldekoa ez den poetarik. Hutsune horiek betetzen ahaleginduko gara aurrerantzean.

Hutsune bat betetzera etorri zen bilduma, poesia itzuliaren faltak eraginda. Egoera hori zeri zor zitzaion, zure ustez?

Nik uste batez ere bideragarritasun ekonomikorik ezari zor zaiola. Gainera, logika horretatik kanpo sortutako bildumetan ere (Literatura Unibertsala bilduman, esaterako) apenas itzuli da poesiarik.

Esango nuke poesia sortzeko Euskal Herrian dagoen tradizio erlatiboki handia ez datorrela bat itzuli den poesia urriarekin, eta hori sormenarentzat berarentzat ere kaltetan dela azken batean.

Zer irizten diozue literatura itzulpengintzaren egungo egoerari? Euskarara erdaretan zailago aurkitzen diren lanak ekartzea ote da giltza, zuen ustez?

Askotan esan izan da garrantzitsua dela erdaraz –kasu honetan, bereziki, espainieraz– ez dauden liburuak euskaratzea, baina nik ez dut ikuspuntu hori. Uste dut euskara hizkuntza buruaskia izango bada, alboko hizkuntzetan zer egiten den eta zer ez den egiten etengabe begiratzeari utzi beharko geniokeela.

Mendekotasun hori edukitzea ez zait komenigarria iruditzen; merkatu-logika batetik izan dezake zentzurik, baina garbi izan behar dugu, logika horretan itsu-itsuan erorita, euskal literaturarenak eta, oro har, literaturarenak egin duela. Horregatik ez diogu uko egiten, tarteka, espainierazko poesia ere itzultzeari, halaber.

Espainieraz ez dakiten euskaldunak egon badirela kontuan izateaz aparte, itzulpen bakoitzak, are gehiago poesian, mundu berri bat ekartzen digu, zeinak bere horretan bisitatzea merezi duen, originalaren morrontzatik landa. Ez dira gauza bera, esaterako, Mallarmeren originala, Octavio Pazen Mallarme edo Josu Landaren Mallarme; hirurak originala bakarrik baino aberatsagoak dira. Hori du eder poesiak.

Aurrerantzean etorriko diren kaierei buruz, zerbait aurreratzerik?

Bada, datorren urtean japonieratik zuzenean itzulitako kaiera bat izango dugula esan dezakegu, adibidez. Bob Dylani saria eman dioten honetan, beste Dylanekin ere, Thomas Dylanekin alegia, lanean ari gara. Adrienne Rich ere hor dugu, Alfonsina Storni ere bai…