Literatura
Duela bi urte hil zen
Ramiro Pinillaren omenezko toki bat eskatu diote Getxoko Udalari
Agentziak | Erredakzioa
Ehun idazle, artista plastiko, zinemagile, aktore, kazetari eta legelarik baino gehiagok eraikin bat idazlea zenaren memoria ohoratzeko erabil dezala eskatu diote Udalari.
Kultura, irakaskuntza eta zuzenbide arloetako ehun bat pertsonak eta Ramiro Pinillaren senide zuzenek Getxoko Udalari eskatu diote eraikin bat erabil dezala idazlea zena omentzeko. Duela bi urte hil zen getxoztar idazlea.
Besteak beste, idazle hauek sinatu dute eskaera: Fernando Marias, Javier Cercas, Almudena Grandes, Kirmen Uribe, Harkaitz Cano, Luis Landero, Unai Elorriaga, Toti Martinez de Lezea, Fernando Aramburu eta Ramon Saizarbitoria.
Jose Ibarrolak, Daniel Tamayok eta beste hainbat artista plastikok; Javier Rebollo, Patxo Telleria eta Ana Murugarren zinemagileek; Ramon Barea aktoreak; eta Iñaki Gabilondo kazetariak ere egin dute bat idatziarekin, baita Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiak ere.
Adela Asua Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidenteorde ohiak eta Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak ere babestu dute Pinilla ohoratzeko eskaria.
Halaber, Maria Bengoa Lapatza-Gortzar Pinillaren alargunak eta Begoña eta Ramiro Pinilla Imaz seme-alabak ere bat egin dute ekimenarekin.
Horiek guztiek Benta Andra Mari auzoan dagoen eraikina Pinilla zenaren lana eta memoria gorde eta erakustera bideratzea eskatu diote Getxoko Udalari. Pinilla Bizkaiko kostaldeko udalerri horretan bizi izan zen, eta bertan kokatu zituen “Las ciegas hormigas” eta beste hainbat eleberri.
Sinatzaileen ustez, gainera, eraikin egokia da hori udalerriko lehen museoa hartzeko eta Ramiro Pinillaren inguruan duela 40 urte sortu zen idazketa lantegia, astelehenero batzen jarraitzen duena, hartzeko.
“Pinillak kosmogonia oso bat eraiki zuen Getxoren inguruan, eta Bentak esanahi berezia zuen bertan”, erantsi dute.
Ramiro Pinilla 2014ko urrian hil zen, eta, besteak beste, Euskadi Literatura Saria (bi aldiz) eta Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi zituen.
irabazi zituen.