Itxi

Literatura

Bidaia bateko oharrak

Unamuno gaztea zeneko bidaia kronika argitaragabe bat kaleratuko dute

Agentziak | Erredakzioa

Bilbotar idazleak 25 urte zituela Katalunia, Frantzia, Italia eta Suitzan eginiko 49 eguneko bidaiaren nondik norakoak biltzen ditu idatziak.

Miguel de Unamunoren bibliografiak liburu bat gehiago izango du aurrerantzean, “Apuntes de un viaje por Francia, Italia y Suiza” liburua publikatuta. 25 urte zituela bilbotar idazleak eginiko 49 eguneko bidaiaren nondik norakoak biltzen ditu lanak.

Madrilgo Ateneoak hartuko du bilbotar idazlearen (Bilbo, 1864-Salamanca, 1936) lehen lantzat jo duten liburuaren aurkezpen ekitaldia, urtarrilaren 31n. Argitaletxeak azaldu duenez, jakina zen liburua existitzen zela, baina desagertuta egon da hainbat hamarkadan.

Orain, atzerrian erosi zuen bildumazale bati esker, osorik argitaratuko dute 1889an osaba batekin batera Katalunian, Italian (Florentzia, Erroma, Napoles, Ponpeia eta Milan), Suitzan eta Frantzian zehar eginiko bidaiaren kariaz idatzitako liburua.

Pollux Hernuñez da edizioaren arduraduna, eta eskuz idatziriko bi kaieren transkripzio osoa, oharrak, Unamunoren beste testu batzuk, aurkibidea eta eskuizkribuaren hainbat orriren erreprodukzioa jasoko ditu liburuak.