Literatura
Omenaldia
Hitzunek Oteiza omenduko du, 'Itziar elegía'ren 25. urteurrenean
Agentziak | Erredakzioa
Oteiza Museoan, Orion jaiotako artistaren lan poetikoa gogora ekarriko dute larunbatean, otsailak 11, errezitaldi kolektibo batean.
-
Jorge Oteiza
Hitzune poeten kolektiboak Jorge Oteiza omenduko du otsailaren 11n, larunbatarekin, “Itziar elegía” kaleratu zuteneko 25. urteurrenaren kariaz. Euskal artista eta poetaren inguruko poema argitaragabeak eskainiko dituzte bertan.
“Itzar elegía” Oteizak Itziar Carreño emaztearen memoriari idatzitako poema 1992an argitaratu zuten, “Itziar elegía y otros poemas” bilduman, Carreño hil eta hilabete batzuk geroago.
Orain, poema bilduma kaleratu zutenetik 25 urte igaro direnean, Hitzune poeta taldeak Oteizaren lan idatzian funtsezkoa den testu honen inguruko errezitaldia eskainiko du, Oteiza Museoan, larunbatean.
Saioa abiatzeko, Oteizaren testua irakurriko dute, euskaraz eta gaztelaniaz, eta artistarekin edo haren lanarekin lotutako poemak taularatuko dituzte, beren-beregi ekitaldirako sortutakoak.
14 egilek osatzen dute kolektiboa: Izaskun Gracia Quintana, Itziar Ancin, Iosu Moracho Cortes, Teresa Ramos, Mikel Sanz Tirapu, Jose Luis Iriarte Madurga, Maria Cano, Ana Jaka García, Carmen del Río Bravo, Isabel Rivas Etxaniz, Silvia Marambio-Catan, Pedro Rodriguez Rojo, Isabel Hualde eta Matxalen Bezos.