Itxi

Literatura

Espainian 600.000 ale

Salgai da 'La caida de los gigantes', Ken Folletten eleberri berria

Erredakzioa

'The Century' trilogiaren lehen atala da, eta XX. mendean girotuta dago. Mundu mailan aldi berean kaleratu dute, bertsio inprimatuan zein digitalean.

Liburu-dendetan salgai da jada La caida de los gigantes eleberria, Ken Follett idazle ezagunaren azken lana. The Century trilogiaren lehen atala dugu, eta bost familiaren nondik norakoak ditu oinarri. Erdi Aroan girotutako idazlearen aurreko lanetan bezala, familia horien hiru belaunaldi ezagutzeko aukera izango dugu trilogia berri honetan.

Oraingoan, ordea, XX. mendean girotu ditu idazleak trilogiaren istorio ezberdinak. La caida de los gigantes lehen atalak Lehen Mundu Gerrara eramango gaitu, Errusiako Iraultza bizi eta emakumezkoen boto-emateko eskubidea gertu-gertutik jarraitzeko. Hurrengo atala 2012rako dago aurreikusita, eta Bigarren Mundu Gerra izango du oinarri. Hirugarrenean Gerra Hotza izango du idazleak hizpide, eta 2014rako kaleratuko omen dute.

''''Nire irakurtzeentzat xarma izan zezakeen istorioa sortu nahi nuen. Horregatik erabaki nuen XX. mendeari buruz idaztea. Garai hain zirraragarri eta aldi berean hain bortitza bizi izan zuten europarren bizimodua islatu nahi nuen'''', esan du Ken Follettek.

Gaur bertan iritsi da liburu-dendetara La caida de los gigantes, eta Espainian 600.000 ale jarri dituzte salgai lehen tirada honetan. Trilogiaren aurreneko atal hau aldi berean kaleratu dute mundu osoan, bai bertsio inprimatuan zein digitalean ere. Halakorik egiten duten lehen aldia da.

Edizio ''''laburragoa'''' Katalunian
Liburua katalanez irakurri nahi dutenek zertxobait gehiago itxaron beharko dute eleberria osorik irakurri ahal izateko. Inprentan egindako hutsegite baten ondorioz, azken bi kapituluen faltan kaleratu dituzte 30.000 ale katalanez. Argitaletxeak jakitera eman duenez, hamar egun barru egongo da katalanezko liburua osorik dendetan.