Itxi

Literatura

Azken eguna

Getxoko IX Komiki eta Manga Azokaren azken txanpa

Erredakzioa

Azoka amaitzera doa eta Stuart Immonen, Frederik Peeters eta Paco Roca handien sinadurak lortzeko azken aukera izango dugu. Cosplay eta karaoke lehiaketa batek amaiera borobila emango dio.

Getxoko IX. edizioaren Komiki eta Manga Azokaren azken orduaz gozatzeko parada eskainiko digu igande arratsaldeak. Ostiraletik, nazioarteko komikigile esanguratsuenak bildu dira Getxon, hala nola, Gilbert Shelton, Stuart Immonen eta Frederik Peeters. The Fabulous Freak Brothers bildumaren egilea da Shelton, eta Immonen, aldiz, Superman, Hulk, The Legion of Super Heroes, X-taldea, Lau izugarriak, Ultimate X-Men eta Spider-Man serieetan egindako lanagatik dugu ezagun. Frederik Peeters da aurtengo hirugarren egilea, Europako komiki berriaren adierazlea.

Espainiako Komiki Saria eskuratu berri duen Antonio Altarriba gidoilaria ere Getxoko Komiki Azokan izan da. Zaragozan jaioa, Gasteizen bizi da Altarriba, eta Astiberri euskal argitaletxearekin lotura handia du. Altarriba eta Kim ilustratzailea dira aurtengo Komiki Sari Nazionalaren irabazleak, El arte de volar lanarekin. Aurtengo sarituaz gain, 2008ko irabazlea ere izango dugu aurten Getxon. Paco Roca egilea geurean izango da, El invierno del dibujante azken lana aurkezteko. Radio Euskadiko ''''Pompas de Papel'''' saioak ere aipamena izan du aurten, komikien mundua hedatzeko egiten duen lanagatik.

Komikiaren izen handien sinadurak lortzeko azken aukera izango dugu gaur, hala nola, Stuart Immonenena, Frederik Peetersena eta Paco Rocarena. Cosplay eta karaoke lehiaketa batek amaiera borobila emango dio aurtengo edizioari.