Itxi

Literatura

Elkarrizketa

'Baikortasunez eta humanismoz beteta dago ‘Udaberri kantoi-hautsia’ eleberria'

Natxo Velez | eitb.eus

Aiora Jakak ‘Udaberri kantoi-hautsia’ Mario Benedetti uruguaitar idazlearen eleberria euskaratu du. Berarekin hitz egin dugu.

  • Aiora Jaka itzultzaileak ekarri du euskarara 'Udaberri kantoi-hautsia'

    Aiora Jaka itzultzaileak ekarri du euskarara 'Udaberri kantoi-hautsia'

‘Udaberri kantoi-hautsia’ Mario Benedetti uruguaitar idazleak 1982an argitaratutako eleberrian gauza asko sartzen dira, idazle horrengan ohikoa den hizkera orain samur orain bihotz-erdiragarrian: erbestea, tortura, elkartasuna, hitz jokoak, espetxea, militantzia, borroka, traizioa, fideltasuna, diktadura, inozentzia eta, noski, baita maitasuna, desira, kezkak, beldurrak eta itxaropenak ere.

Orain, euskaraz ere murgil daiteke irakurlea horietan guztietan, 1973ko estatu kolpearen ondorengo Uruguain eta erbesteratuek bertatik kanpo (Benedetti bera Argentinan, Perun, Kuban eta Espainian bizi izan zen) eraiki zuten bizimodu herrenean, diktadurak ekarritako neguaren ondorengo udaberri baldintzatu edo kantoi-hautsian, Erein eta Igela argitaletxeek Literatura Unibertsala sail txalogarriaren barruan kaleratutako euskarazko itzulpenari esker.

Aiora Jakaren bertsioa arina da oso, jariotsua, eta primeran ekarri ditu euskarara bai Benedettiren literatura mundua (“errukiari sekula uko egiten ez dion jarrera kritikoa” dario haren literaturari, Jose Emilio Pacheco mexikar idazlearen hitzetan, Jakaren beraren hitzaurrean jasotzen denez), baita estiloa ere, nola eleberriko bost pertsonaia nagusien erregistro eta hizkera ezberdinei dagokienez hala hitz jokoak eta kultura erreferentziak itzultzeko orduan.

Jakarekin hitz egin dugu, Benedettiz eta itzulpengintzaz.

Zergatik aukeratu zenuen Udaberri kantoi-hautsia itzultzea?

Literatura Unibertsala bilduma osatzeko EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak urtero antolatzen duen itzulpen-lehiaketarako proposatu zuten Udaberri kantoi-hautsia 2017ko udaberrian.

Lehiaketarako aurkeztu behar zen 10 bat orrialdeko lagina itzuli, eta irabazi egin nuen. Ondorioz, diru-laguntza eman zidaten liburu osoa itzultzeko.

Nola deskribatuko zenuke Benedettik liburu honetan eraikitako literatur mundua?

Udaberri kantoi-hautsia erbesteari buruzko nobela bat da; zehatzago esanda, Uruguaiko diktadura militarraren ondoriozko exilioari buruzko eleberri bat.

Fikziozko istorio bat kontatzen duen arren, liburua neurri batean autobiografikoa dela esan liteke, Mario Benedettik ere bere larruan sufritu behar izan baitzituen 1973ko kolpe militarraren ondorio politikoak: beste hainbat eta hainbat militante ezkertiarrek bezala, erbestera egin behar izan zuen ihes espetxea eta tortura saihesteko, eta emazte eta familiarengandik urrun bizi behar izan zuen hamabi urte luzez, Argentinan, Perun, Kuban eta Espainian.

Mario Benedetti

Estilo aldetik, zelan definituko zenuke Benedettiren idazkera gazi-gozoa, lan hau itzuli eta gero?

Eleberriak oso gai gordinak jorratzen ditu (diktadura, kartzela, tortura, erbestea, heriotza, injustizia, traizioa…), baina Benedettik, bere idazkera umoretsu eta sarkastikoari esker, gogorra edo tristea izan zitekeen istorio bat ironiaz, bizitasunez, baikortasunez eta humanismoz beteriko eleberri bihurtzen du.

Pertsonaiek barrea erabiltzen dute sufrimenduari aurre egiteko, eta hizkuntzarekin jolasten dute botereak zentsuratutako hitzei haize berria emateko. Hala, hitz jokoz, esamolde desitxuratuz edota zentzu anitzeko hitzez beteta dago nobela.

Gaztelaniazko jatorrizko testuaz gain, beste itzulpen batzuetara ere jo duzu? Zertan laguntzen dio horrek itzultzaileari?

Obra hau euskaratzean, alemanezko eta portugesezko itzulpenak izan nituen begien aurrean (frantsesezkoa agortuta dago, eta ezin izan nuen eskuratu).

Jatorrizko testua beste itzultzaile batzuek nola interpretatu eta nola itzuli duten ikustea oso lagungarria da itzultzaile batentzat. Hitz jokoak, erreferentzia kulturalak, lunfardozko pasarteak, gure gaztelanian ezagutzen ez ditugun espresioak eta halakoak nola itzuli ez nekienean, beti jotzen nuen beste itzulpenetara.

Portugesezkoa, egia esan, ez zait oso baliagarria izan, linguistikoki gaztelaniaren hain hurbileko hizkuntza izanik oso hurbiletik jarraitzen baitzion jatorrizkoari. Baina alemanezko bertsioak askotan lagundu dit korapilo batzuk askatzeko inspirazio moduan.

Eleberria gaztelaniaz irakurri eta gero irakurri dut euskarazko itzulpena, eta gozatu handia hartu dut. Bi bertsioak irakurtzea bateragarria eta gomendagarria da, zure ustez? Zer eman eta kentzen dio itzulpen bakoitzak jatorrizko lanari?

Nik ikaragarri disfrutatu nuen obra hau irakurtzen, eta gaztelaniaz dakien edonori gomendatuko nioke Primavera con una esquina rota. Hor ikusiko du nolakoa den Benedetti bere hizkuntzan, nola jolasten duen gaztelaniarekin, nola nahasten dituen hainbat estilo eta erregistro, eta nola jotzen duen hitz jokoetara gai gordinenei umore puntu bat eransteko.

Baina euskaraz irakurtzea maite duen orori gomendatuko nioke Udaberri kantoi-hautsia, hor ikusiko bailuke nolakoa den Benedetti Aiora Jakaren euskaran, nolako forma hartzen duten Benedettiren hitz jokoek euskaraz, nola den posible Uruguaiko eta Latinoamerikako hainbat errealitate euskaraz ulertu eta hurbil sentitzea.

Aurretik haur eta gazte literatura itzuli duzu gehienbat. Zer alde aurkitu dituzu honako lanari heltzeko orduan?

Nagusiki, hizkuntzaren konplexutasuna. Haurrentzako lanak itzultzean, hizkera ulerterraza erabili behar da, esaldi labur eta sinpleak bilatu behar dira, egokitzapenak egin eta, askotan, pasarte osoak berridatzi, liburuko marrazkiekin bat egin dezaten eta orri gaineko espazioan ondo sar daitezen.

Helduen literatura itzultzean, berriz, jatorrizkoarekiko fideltasunak garrantzi handiagoa hartzen du, eta autorearen estiloa eta hizkeraren konplexutasuna bere horretan itzultzen saiatu behar da, ahalik eta egokitzapen gutxien eginez.

Udaberri kantoi-hautsia

Literaturako klasikoak irakurtzeko, jendeak erdaretara jotzen duela iruditzen zait. Zeri zor zaio hori, zure ustez?

Alde batetik, eskaintzari, jakina. Edozein autore klasiko osorik irakur daiteke gaztelaniaz edo frantsesez; euskaraz, aldiz, beharbada autore horren obra bat edo bi besterik ez duzu aurkituko, eta baliteke, gainera, itzulpena berri-berria ez izatea eta ondorioz erdi zaharkiturik egotea.

Beste alde batetik, eta aurrekoaren ondorioz neurri batean, jendeak ez du ohiturarik euskarazko itzulpenak irakurtzeko. Adin batetik aurrerako jendeak esango dizu ez dela euskaraz behar bezainbat alfabetatu klasiko literario baten hizkuntza maila ulertzeko.

Gazteek, aldiz, uste dut iritzi oker bat dutela askotan euskarazko itzulpenen inguruan: “itzulpen usaina” dariela esango dizute, erdarazko itzulpenei ez bezala. Baliteke hori garai batean hala izatea, euskararen normalkuntzaren hasierarekin gauza asko korrika eta presaka itzuli zirelako, baina gaur egun oso kalitate oneko euskal itzulpenak egiten dira, eta ikastolan ikasitako ikasleek ez lukete aitzakiarik izan behar literatur klasikoak euskaraz irakurtzeko.

Zelan ikusten duzu euskal itzulpengintzaren egoera?

Inoiz baino sendoago. Ikaragarrizko lana egin da (eta egiten ari da) itzultzaileak formatzeko, itzulpenak sustatzeko, itzulpenen kalitatea zaintzeko… Euskararen normalizazioak asko zor dio itzulpengintzari. Euskara edozertarako gaitu nahi badugu, ezinbestekoa zaigu itzulpena.