Literatura
Liburuaren Nazioarteko Eguna
EAEko gazteen erdiek irakurtzen dituzte liburuak astean behin gutxienez
eitb.eus
Gazteen Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazte irakurleen % 8k soilik esan dute irakurri duten azken liburua euskarazkoa zela.
-
Gazteen Euskal Behatokiak EAEko gazteen irakurketa ohituren gaineko datuak aurkeztu ditu
Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak 18 eta 29 urte bitarteko 400 pertsonari 2018ko maiatzean egindako galdeketa baten datuak kaleratu ditu.
Horren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen % 49k liburuak irakurtzen dituzte gutxienez astean behin: % 16k egunero edo ia egunero eta % 33k astean behin gutxienez.
Beste % 16k gutxienez hilean behin irakurtzen dituzte liburuak, eta % 13k maiztasun txikiagoarekin.
Irakurle horien artean, % 20k abenturazko nobelak irakurtzen dituztela erantzun dute, % 17k nobela historikoak, eta beste horrenbestek (%17) nobelak orokorrean.
Beste literatur genero batzuk (poesia, antzerkia, saiakerak, biografiak, komikiak, bidaia liburuak, sukaldaritzakoak, autolaguntzakoak…) aipatu dituztenak % 10 baino gutxiago dira kasu bakoitzean, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak Gazteen Euskal Behatokiari emandako datuen arabera.
Azken urtean irakurritako liburuen batez besteko kopurua 6 edo 7 da, galdeketaren arabera, eta irakurri duten azken liburuaren egilea gizonezkoa zen kasu gehienetan (% 56) eta emakumezkoa % 27tan. Falta den portzentzaiari dagokienez, gazteek ez dute jakin egilearen sexua edo egile batek baino gehiagok idatzitako liburua zen.
Euskaraz, soilik % 8k
Azken urtean libururen bat (edo gehiago) irakurri duten gazteen % 80k azaldu dute irakurritako azken alea gaztelaniazkoa zela, % 8k euskaraz zegoela esan dute, % 4k ingelesez zegoela, eta % 5ek beste hizkuntza batean idatzita zegoela.
Euskarriari dagokionez, % 81ek adierazi dute irakurritako azken liburu hori paperean irakurri dutela eta % 17k, aldiz, euskarri digitalean zegoela azaldu dute.
Azkenik, eskuratzeko moduari dagokionez, % 48k azken liburu hori erosi egin dutela esan dute, % 18k Internetetik doan eskuratu dutela, % 13k lagun edo senide batek utzi diela, % 12k liburutegitik hartu dutela eta % 10ek beste bide batetik eskuratu dute (oparia, zozketa, liburuak trukatzeko punturen bat…) edo ez diote galderari erantzun.