Literatura
Liburuaren Eguna
'Ebook'a: ''Interneteko ozeano handian'' ikusgai egotearen erronka
E.A.
Biztanleen %5 liburu elektronikoaren garaian murgildu dira, eta Liburuaren Eguna Interneten ospatuko dute. Argitaletxeek Sarean ikusgai egotearen erronkari egin behar diote aurre.
Aurten Liburuaren Egunaren ospakizuna aurreratu egin zaigu hainbat herri eta hiritan, baina, urtero bezala, liburua dugu protagonista gaurko egunez.&' || 'nbsp;Paperezko liburuak garapen prozesu etengabean bizi den liburu elektronikoarekin partekatzen du gaur protagonismoa, eta azken honentzat aurrerapen teknologiko etengabeak, ohitura berriak eta erronka berriak dira kontzeptu klabeak ospakizun honetan.
FGEE Espainiako Editoreen Gremioen Federazioak Espainiako irakurketa ohiturak eta liburuen salmenta aztertzen dituen txostena kaleratu berri du, 2010eko datuekin. Bertan jasotzen denez, 14 urtetik gorakoen % 60,3k irakurtzen dituzte liburuak (azken 12 hilabeteetan 9,6 liburu irakurri dituzte batez beste). Idatzi horrek liburu elektronikoak irakurtzen dituztenen datuak ere kaleratu ditu: herritarren %5,3k irakurtzen dituzte liburuak euskarri digitalean.
Estatuko biztanleen %5 baino gehiago liburu elektronikoaren garaian murgildu dira, baina nolakoa da literatura eskaintza? FGEEk kaleratutako beste ikerketa baten arabera, lau argitaletxetik batek bere katalogoaren erdia digitalizatuko du 2012an, eta hirutik batek lan berrien erdiak. Estatu mailako 280 argitaletxe hartu dituzte oinarritzat ikerketa egiteko. Euskal argitaletxeei begiratuta, gaur egun Alberdaniak 93 lan eskaintzen ditu formatu digitalean (paperezko katalogoaren %17 baino zertxobait gehiago). Ereinek 53 idatzi digital ditu (katalogoaren %4), eta urte bukaerarako % 100era iristeko asmoa dute. Elkarrek 75 liburu dauzka digitalizatuta egun, eta, aurreikuspenen arabera, titulu horien kopurua handitu egingo dute epe ertainean.
Formatuari dagokionez, ePUBek izan du hazkunderik handiena, eta lehen postuetan jarri da, PDFrekin batera. Azken honek behera egingo omen du 2012tik aurrera. Joera hori baieztatu egiten da hainbat euskal argitaletxetan ere: liburu orokor eta eleberrietarako ePUB erabiltzen dute eta eleberri grafiko eta komikietarako PDF.
Liburu elektronikoak egin du bere txokoa argitaletxeen webguneetan: erein.com, alberdania.net eta elkar.com; eta gurebook.com liburu elektronikoen on-line denda ere martxan jarri dute, hainbat argitaletxeren lanak saltzeko. Euskarri digitalean kaleratutako lan berriak aurkitzea, beraz, ez da zaila, eta paperezkoan baino prezio merkeagoan egon ohi dira eskuragai, gainera.
Alberdaniak, adibidez, liburu berri guztiak argitaratzen ditu aldi berean bi euskarrietan, gehienbat lan originalak direnean. Argitaletxetik azaldu dutenez, beste hizkuntza batetik itzultzen diren liburu gehien-gehienen kasuan ez dute edizio elektronikorako eskubideak erosteko aukerarik izaten. Arrazoia? Merkatua ez omena da oraindik guztiz egonkortu, eta atzerriko editore askok oraindik ez dituzte beste hizkuntzetarako eskubide digitalak eskaintzen. Ereinek ere hartu du hizpide itzulitako lanen eskubideen arazo hori.
Elkarren ere "normalizazio falta" aipatzen dute, prezioari dagokionez. "Liburu digitalaren prezioa ez da oraindik ezarri merkatuan. Argitaletxeek prezio politika ezberdinak hartu dituzte eta denek gertutik jarraitzen ditugu merkatuaren eboluzio eta gorabeherak. Oraingoz % 25eko beherapena egiten dugu liburu fisikoaren aldean", esan dute. Alberdaniaren kasuan, "edizio digitalaren salneurria paperezkoaren %70 da", aldi bereko argitalpenaren kasuan. Aldi bereko argitalpena ez denean, kasuan kasuko salneurri-politika aplikatu ohi dute.
Dena den, argitaletxeek ohartarazten dutenez, liburu digitalen BEZ %18koa da, eta paperezkoena, berriz, %4. Alde hori konpontzeko bidean omen dago.
Interneten bizirautea
Dirudienez, abentura digitalaren hasiera honetan paperezko liburua eta liburu digitala eskutik doaz, bertsio eta argitalpen paraleloekin (kasu askotan argitalpen berdin-berdinekin).
Horrela izango al da etorkizunean? Jorge Gimenez Alberdania argitaletxeko editoreak azpimarratzen duenez, "kultur kontsumoan aldaketa garbia eta sakona dakar Sareko merkatuak, eta ohitura berriak ere bai". Gainera, seguru asko titulu gehiago kaleratuko dira liburu elektronikoari esker, (autoekoizpenari eta antzeko ekimenei esker). Eta, beharbada, literatura lan horien ezaugarriak ere aldatu egingo dira ("laburragoak, akaso; zatikakoak ugaritu litezke; poesiak esparru berriak irabaz litzake; mikroipuinaren eta antzekoen generoa indartu liteke" aukerak jarri ditu mahai gainean Gimenezek).
Beraz, egoerara egokitzea eta merkatu berria sortzea funtsezkoa da, bai liburu digitalarentzat baita euskarazko liburuekin eta euskal ekoizpenarekin lan egiten duten argitaletxeentzat ere. Batera lan egitea garrantzitsua da horrelakoetan eta behar horiei aurre egiteko jaio da Libenet plataforma (besteak beste Erein eta Alberdania batzen ditu plataforma honek).
Etengabeko aurrerapen teknologikoak, ohitura berriak, titulu gehikuntza eta merkatu erraldoia kontuan hartu beharko dira etorkizunean. Zentzu honetan, ikusgarritasunaren zailtasuna aipatzen dute argitaletxeek. "Sareko merkatuaren ozeano zabalean liburuarentzako oro har, eta euskarazko liburuarentzat bereziki, toki egokia bilatzea da zailtasun nabarmenena", azaldu du Gimenezek. Elkarren ere ozeano erraldoiak dakarren erronkaz hitz egiten dute: "Bai elkar.com bai gurebook.com argitaletxearen produktuak eta egileak Sarean kokatu ahal izateko estrategia bat dira oraingoz, Internet den ozeano honetan euskarazko autore eta liburuak galdurik egon ez daitezen", esan du Olatz Osa Elkar argitaletxeko arduradunak.
Batzuen ustez liburu elektronikoak oraindik badu erronka bat gainditzeko: paperezko liburua imitatzeari utzi eta bere esparrua aurkitzea, zerbait gehiago edo ezberdina eskainiz. "Liburu elektronikoak guztiz berezkoa du logika elektronikoa, eta ezagutzen ditugun logika elektroniko horren ezaugarriak, beraz: elkarreragina, mugimendua, edukiak aberasteko aukera mugagabea, etengabeko eguneratzea, komunitateak sortzeko aukerak... Hortik joango da kontua", esan du Gimenezek. Alberdaniako editorearentzat autonomia hori ''''heldutasunaren seinale'''' izango litzateke, eta "bi euskarrien arteko bizikidetza" bultzatuko luke, profesional askok aurreikusten duten bezala.