Literatura
Emakume baten mendekua
'Veneno para la Corona', Toti Martinez de Lezearen eleberri berria
Erredakzioa
XV. mendeko Nafarroan girotutako istorioa da, Karlos IV.a Vianako printzearen heriotzaren garaian. Lan berri honetan, mendekuaz hitz egiten digu idazleak, emakume baten ikuspegitik.
Toti Martinez de Lezea idazleak eleberri berria du kalean: Veneno para la Corona. XV. mendeko Nafarroan girotutako istorioa da, Karlos IV.a Vianako printzearen heriotzaren garaian.
Lan berri honetan, emakumea dugu berriz oinarri, eta, kasu honetan, mendekuaz hitz egiten digu idazleak, Jordana Gorria izeneko emakume baten ikuspegitik.
15 urte zituela bortxatu egin zuten, eta bortxaketa horren fruitu da bere alaba. Jordanaren bizitzan Juana Enriquez agertuko da, Karlos Printzearen amaordea. Askok susmatzen dute Juanak Karlos hil zuela, gerora Fernando Katolikoa izango zen bere semearen mesedetan.
Bi emakumeak urtetan izango dira elkarrekin. ''''Bata handinahiagatik, eta bestea mendekuagatik, kontu ilunetan murgilduko dira, pozoia tartean dela'''', azaldu du Toti Martinez de Lezeak Bilbon egin duen aurkezpenean.
Nafarroaren eta Gaztelako Koroaren arteko bat egitearen bosgarren mendeurrena betetzen den honetan idatzi du Toti Martinez de Lezeak eleberria; eta galdera zehatz bati erantzuna bilatu nahian sortu da lan berri hau: ''''Emakume bat gizonezko bat bezain mendekatia izateko gai baldin bada, zeintzuk lirateke arrazoiak, eta zelan egingo luke?''''.
Ideia honi tiraka sortu zuen Jordana Gorria pertsonaia. ''''Maitatzeko gaitasuna galdu duen sentimendutik gabeko pertsonaia da. Bere alaba maite du, baina ez dio maitasun hori adierazten; eta kontzientzian inolako pisurik hartu gabe norbait hiltzeko gai da, mendeku egarria asetzeko'''', azaldu du idazleak.
Juana Enriquez pertsonaia du alboan. Martinez de Lezeak emakume honi egotzi dio Karlosen heriotza ''''misteriotsua'''', orain arte pozoiaz hil zela frogatu ez bada ere. ''''Kontrakoa esaten duen frogarik ez dagoenez, idazle gisa, gehien gustatzen zaidan aukera hartu dut'''', azaldu du idazle arabarrak.
Erein argitaletxeak kaleratu du eleberria, eta abenduan aurkeztuko dute euskarazko bertsioa, Durangoko Azokan.
Nurren abenturen seigarren atala, ate-joka
Nur pertsonaiaren abenturen seigarren atala bi aste barru aurkeztuko du idazleak, gazteleraz zein euskaraz. Nur y la alfombra mágica izango da lan berri honen izena.