Itxi

Literatura

Izendapena

Joan Mari Torrealdaik zuzenduko du Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka

Erredakzioa

Zendu berri den Jose Antonio Arana Martijaren tokia beteko du. Miren Azkarate izango da Argitalpen batzordeko kide berria.

Joan Mari Torrealdai izango da aurrerantzean Euskaltzaindiko bibliotekari akademikoa eta Azkue Biblioteka batzordeko buru berria. Apirilean zendu den Jose Antonio Arana Martijak utzitako tokia beteko du.

Maiatzaren 27an, Euskaltzaindiak hilabete amaieran egin ohi duen osoko bilkura egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, eta bertan egin zituen joan den apirilean Jose Antonio Arana Martija euskaltzainaren heriotzak utzitako hutsarteak betetzeko izendapenak.

Euskaltzaindiko bibliotekari akademikoa eta Azkue Biblioteka batzordeko buru izateaz gain, Jose Antonio Arana Martija Akademiako Argitalpen batzordeko kide ere bazen, 1989tik. Leku hori Miren Azkaratek beteko du.

Joan Mari Torrealdai Foruan (Bizkaia) jaio zen, 1942ko azaroaren 24an. Teologian, Gizarte Zientzietan eta Informazio Zientzietan lizentziatua da, eta Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea. Euskaltzain oso izendatu zuten 2007an, eta Argitalpen batzordeko kide dugu. Jakin aldizkariaren zuzendaria ere bada Torrealdai.

Miren Azkarate Donostian (Gipuzkoa) jaio zen, 1955ko azaroaren 27an. Euskal Filologian katedraduna da, eta EHUko irakaslea. 1992an izendatu zuten euskaltzain oso, eta Gramatika batzordeko eta Hiztegi Batuko batzorde ahaldunduko kide ere bada. Euskal lexikografian aditua dugu..