Itxi

Literatura

Euskal bibliografia ondarea

Abian da Liburuklik, euskal liburutegi digitala

Erredakzioa

Egun, 3.000 titulu eta 350.000 irudi ditu; baina, urtea bukatu aurretik, 300.000 orri gehiago gehituko dizkiote. 1458an eta 1476an kaleratutako bi eskuizkribu dira dokumenturik zaharrenak.

01:16
3.000 titulu eta 350.000 irudi, euskal liburutegi digitalean
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Liburuklik euskal liburutegi digitala jarri du abian. Zenbait erakunde publiko zein pribaturen ondare bibliografikoa Internet bidez kontsultatzen aukera eskaintzen du webgune berri honek.

Eusko Legebiltzarraren, Arabako Foru Aldundiaren, Antso Jakitunaren Fundazioaren, Loiolako Santutegiaren eta Micaela Portilla historialari arabarraren ondarea dago egun aztergai. Guztira, 3.000 titulu eta 350.000 irudi baino gehiago biltzen ditu orain webguneak, eta, urtea bukatu aurretik, 300.000 orri gehiago gehitzeko asmoa dute. Erabiltzaileak askatasun osoz kontsultatu eta deskargatu ahal izango ditu edukiak, 70 urte baino gehiagoko dokumentuak izanda jabetza intelektualari lotuta ez daudelako, edo jabeek horretarako baimena eman dutelako.

1458 eta 1476koak dira euskal liburutegi digitalak biltzen dituen dokumenturik zaharrenak: ‘Cuaderno de compto real, compto 27: recibidor de rentas de la ciudad de Tudela y Merindad de la Ribera, Pero Martiniz de Garanoan’ eta ‘Confirmacio del privilegio de la Villa de Ondarroa por los Reyes Catolicos Dn. Fernando y Da. Isabel en Medina del Campo a 30 de marzo de 1476’, biak ere Eusko Legebiltzarreko liburutegikoak. Nabarmendu beharra dago, gainera, ‘Doctrina cristiana: en romance y basquence hecha por mandado de D. Pedro Máso, obispo de Calahorra, y la Calçada …para tierras basco(n)gadas de su obispado, reducida por el doctor Betolaça, al lenguaje mas comun, y mas usado y q(ue) con mas facilidad se entiende en todas ellas’ izeneko argitalpenaren ale bat badela liburukliken (Bilbon 1596an Pedro Cole de Ybarrak argitaratu zuen).

Hemeroteka atala ere badu euskal liburutegi digitalak, eta bertan biltzen dira euskal egunkari eta aldizkari historikoak. Euskal liburutegi digitalaren eduki osoa Europeanan ere zabalduko da.