Itxi

Literatura

Danny Torrance

Stephen Kingek 'Distira' lanaren jarraipena kaleratuko du

Erredakzioa

Dagoeneko hasi da idazten 'Dr. Sleep' izenaz kaleratu den eleberria.

Stephen King idazle estatubatuarraren 'Distira' eleberri famatuak jarraipena izango du.

Deadline webguneak iragarri duenez, George Mason unibertsitatean sari bat jasotzen ari zela eman zuen idazleak jarraipenaren berri. 'Dr. Sleep' izena izango du eleberriak, eta, dagoeneko, King hasi da istorioa idazten. Lanaren pasarte bat ere irakurri zuen bertan, zehazki Danny Torrance 'Distira' eleberriko haurraren inguruko atal bat. Bertan, pertsona heldua da Danny, eta gaixoen adimena baretzeko gaitasuna du. Baina banpiro batzuek bere jarduna geldiaraziko dute.

''Beti galdetu diot neure buruari zer gertatu zitzaion 'Distira' laneko haurrari'', esan zuen Kingek sari banaketan.

Ekitaldian, '11/22/63' bere azken eleberriaz ere aritu zen. John F.Kennedyren hilketaren inguruko lana da, eta azaroan kaleratuko dute. Dagoeneko erosi dituzte liburua pantaila handira eramateko eskubideak.

Kubrickek egindako moldaketarekin, erabat konforme ez

1980an 'Distira' lanaren zinemarako moldaketa zuzendu zuen Stanley Kubrick zinemagile ezagunak, Jack Nicholson protagonista zela. Stephen King ez da inoiz emaitzarekin erabat konforme egon. ''Barruan motorerik ez duen Cadillac erraldoi eta eder baten modukoa da. Bertan eseri eta larruzko tapizeriaren usainaz goza daiteke, baina ezin duzu inora gidatu'', esan zuen Kingek.