Itxi

Literatura

Saria

Maddi Ane Txoperenak irabazi du Igartza saria

eitb.eus

“Ez erran inori” eleberri proiektua iruditu zaio onena epaimahaiari, hamasei hautagaien artean.

  • Maddi Ane Txoperena

    Aurten 'Ene baitan bizi da' eleberria argitaratu du Txoperenak

Maddi Ane Txoperena idazle hendaiar-lesakarra izan da aurtengo Igartza sariaren irabazlea. Deialdira 16 proiektu aurkeztu dira, eta Ez erran inori izeneko eleberri proiektua irabazletzat jotzea adostu dute Ana Jaka, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek.

23 urte bete ditu aurten Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek. Saria 6.000 euroko laguntzak eta lana argitaratzeko konpromisoak osatzen dute.

Maddi Ane Txoperena Hendaian jaio zen, 1994an, eta egun Lesakan bizi da. Gizarte Antropologia ikasketak egin ditu, bertsolari gisa nabarmendu izan da eta ogibidez kazetaritzan dihardu, gaur egun Berria egunkarian. 2020 honetan kaleratu du lehenengo liburua: Ene baitan bizi da. Eleberriak amona-biloba harremanak jorratzen ditu eta Gazteluma saria irabazi du.

Ez erran inori proiektuak umetan sexu abusuak jasandako neska baten istorioa kontatzen du: gertakari hori barruan lozorroan gorderik eduki ondoren hainbat urtez, piztia ernatzen zaio eta mina berpizten. Erruduntasun sentimenduek eta autoestimu faltak jazarrita, sexuan hartu nahiko du babesa, harreman korapilatsuetan, lagunarte konplikatu batean.