Itxi

Literatura

Bizkaia

Idazleekin solasean, euskarazko irakurketa bultzatzeko

Erredakzioa

'Idazleakaz' programaren baitan, hainbat egilek ikastetxeetara egingo dute bisita. Batuaren sorreraren aurretik eta ondoren idatzitako euskarazko lanak ere aztertuko dituzte, 'bikoteka'.

  • Edorta Jimenez, 'Idazleakaz' programan parte hartuko duen idazleetako bat. Argazkia: EITB

Gazteen artean euskarazko irakurketa sustatzeko eta bultzatzeko helburuarekin, 84 idazle euskaldunek hartuko dute parte aurten 'Idazleakaz' programan. Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako ekimena da, EIE Euskal Idazleen Elkartearen laguntzarekin.

Ekimenak bi jarduera nagusi ditu. Alde batetik, Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean euskarazko irakurketa bultzatzea, literatura lanen egileen beren eskutik. Besteak beste, Edorta Jimenez, Xabier Mendiguren, Pello Añorga, Katixa Agirre eta Jon Arretxe idazleek hainbat ikastetxetara egingo dute bisita, bertan literatura lanak aztertu eta ikasleekin solasaldietan parte hartzeko.

Bestalde, BI-2 izeneko jarduera ere izango du aurten programak, estreinakoz. Euskara batuaren sorreraren aurreko eta ondorengo literatura lanak aztertzea izango du ekimenak helburu, eta, horretarako, 34 idazle bizkaitar bikoteka elkartuko dituzte. Garai bateko idazle batek bizkaieraz idatzi zuen obra bat aukeratuko dute (euskara batua ezarri aurreko lan bat), eta, aurrez aurre, gaur egun bere obra batuan argitaratzen duen arren bizkaierazko tradizioa eta obra idatzia ezagutu eta menperatzen dituen egile bat jarriko dute. Garai bateko idazlea eta egungoa eskualde berekoak izango dira. Hauek izango dira bikoteetako batzuk: Gabiria eta Añibarro (Arratiako euskalkia), Xabier Amuriza eta Errose Bustintza (Durangaldeko “mañarikua”) eta Miren Agur Meabe eta Erkiaga (Lekeitioko euskalkia).