Itxi

Literatura

Igande honetan

Getxoko Komiki Azokaren azken txanpa

Erredakzioa

Max (2007), Paco Roca (2008) eta Santiago Valenzuela (2011) Komikiaren Sari Nazionalek parte hartuko dute Joseph Maria Berenguer eta Astiberri euskal argitaletxea omenduko dituzten edizioan.

  • Getxoko Komiki eta Manga Azoka. Argazkia: salondelcomicdegetxo.net

Komikiaren Sari Nazionala irabazi duten hiru egile izango dira aurten Getxoko Komiki eta Manga Azokan. Max (2007), Paco Roca (2008) eta Santiago Valenzuela (2011) egileek hartuko dute parte igandera arte egingo den jaialdiaren hamargarren edizioan.

Horiekin batera, Luis Royo, David Rubin, Mireia Perez, Nancy Peña, Manuel Bartual, Luis Bustos, Albert Monteys, Manel Fontdevila eta Victor Santos ere izango dira Getxon, antolatzaileek iragarri dutenez.

Aurten, Joseph Maria Berenguer, La Cúpula argitaletxeko egilea, eta Astiberri argitaletxe bilbotarra omenduko dituzte, eta 'Jazz Bulles Blues: komikia swing erritmoan' erakusketa egongo da ikusgai. Komikiaren, jazzaren eta bluesaren artean dagoen harremana aztertuko du bildumak, Belgikako egile ospetsuen lanetan.

Areetako geltokiko plazan, 80 salmenta postu baino gehiago jarriko dituzte, eta komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren arteari loturikoak egongo dira bertan.

Antolakuntzak jakitera eman duenez, salmentarekin lotutako guneaz gain, jarduera programa zabala ere izango du azokak: ''artista esanguratsuen'' hitzaldiak, aurkezpenak eta ohiko sinatze-txandak eskainiko ditu.

Argitaletxe eta egileek berrikuntzak aurkezteko aukera izango dute, eta, hitzaldi eta mahai-inguruekin batera, film laburren eta dokumentalen emanaldiak ere hartuko ditu azokak.