Itxi

Literatura

Heriotza

Almudena Grandes idazlea hil da, 61 urte zituela

agentziak | eitb media

1960an Madrilen jaioa, Grandes da azken belaunaldietako idazle espainiar entzutetsuenetako bat zen, 2018an Narratibaren Espainiako Saria eskuratu zuena, eta bere lan ezagunetako batzuk "Las edades de Lulú" eta "Malena es un nombre de tango" dira.

  • Almudena Grandes, EiTBn. Argazkia: EiTB

    Almudena Grandes, EiTBn. Argazkia: EiTB

Almudena Grandes idazle madrildarra hil egin da 2020ko irailean atzeman zioten minbiziaren ondorioz, Tusquets argitaletxeak jakitera eman duenez.

1960an Madrilen jaioa, Grandes da azken belaunaldietako idazle espainiar entzutetsuenetako bat, nazioartean oihartzun handienetakoa zuena. 2018an Narratibaren Espainiako Saria eskuratu zuen, eta bere lan ezagunenetako batzuk "Las edades de Lulú" eta "Malena es un nombre de tango" dira.

Idazle borrokalaria, feminismoarekin eta politika ezkertiarrekin egon zen konprometitua. 2020an honoris kausa doktore izendatu zuen UNED unibertsitateak, eta Italiako Rosone d'Or saria eskuratu zuen 1997an eta Europako Literaturaren Jean Monnet saria berari egokitu zitzaion 2021n, "Los pacientes del doctor Garcia" liburuagatik.

"Las edades de Lulu" izan zen bere lehenengo arrakasta handia, 1989an, eta "Malena es un nombre de tango"rekin lortu zuen onenen artean geratzea.

"Atlas de geografía humana" (1998), "Los aires difíciles" (2002); "Castillos de Cartón" (2004) eta "El corazón helado" (2007) dira Almudena Grandesen beste lan arrakastatsu batzuk. Gainera, 2010ean "Ines y alegria" argitaratzea erabaki zuen, Benito Perez Galdosen zale sutsua zelako, baina "Episodios de una guerra interminable" sorta ezin izan du amaitu.

Egunkarietan eta bestelako komunikabideetan kolaborazio lanak egin zituen, eta iragan urriaren 10ean iragarri zuen minbizia zuela.