Itxi

Literatura

Ospakizuna

Ekitaldi ugari, Liburuaren Nazioarteko Egunean

Erredakzioa

Liburuak eta irakurketa sustatzeko ekimen ugari antolatu dituzte Euskal Herriko hainbat herri eta liburutegitan.

01:01
Liburuaren Nazioarteko Eguna
Apirilaren 23a Liburuaren Nazioarteko Eguna da eta euskal liburutegi eta herrietan ekimen ugari antolatu dituzte. Horietako batzuk bildu ditugu hemen:

Donostiako Udalak antolatu dituen ekimenen ardatz nagusietako bat Charles Dickens idazlea (1812-1870) izango da. Ohiko liburu azoka antolatu dute Gipuzkoa plazan eta 2011 urtean liburutegien sare osoko mailegu zerbitzuetan liburu gehien hartu zituzten 20 irakurleak sarituko ditu Donostia Kulturak.

Bilbon, ekitaldiak antolatu dituzte hiriko liburutegi batzuetan eta azoka ere egingo dute. Goizean, Ángel Ortiz Alfau omenduko dute Berastegi kalean jarri duten karpan.

Aurkezpenei dagokienez, 'Hodeietan' Elhuyarrek argitaratutako liburuaren aurkezpena egingo dute Donostian, Koldo Mitxelenan. Narrazio zientifikoko obra da hau, eta 12-16 urteko gazteei zuzenduta dago.

Erein argitaletxeak 'Txillardegi' Fito Rodriguezek idatzitako liburua aurkeztuko du Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoan.

AlhóndigaBilbaok irakurleak gehien hunkitu dituzten testuak partekatzeko deialdia egin du, 'Irakurleihoak' proiektuan. Doako bideo-konferentzia erabiliz, atariko pantaila handian mundu osoko irakurleek gomendatutako testuak erakutsiko dituzte.

Tolosako liburutegiak herritarren artean bookcrossing-a bultzatzeko ekimena antolatu du. Irakurleek herriko gune publikoetan liburuak utzi ahalko dituzte, beste batek hartu eta irakur ditzan. Nazioartean oso hedatuta dago hau eta liburuak partekatzea du helburu.

Abian da 'Irakurri, Gozatu eta Oparitu' Topaguneak antolatzen duen kanpainaren seigarren edizioa. Parte hartuko duen liburutegi bakoitzean bi zozketa egingo dituzte, maiatzean eta ekainean parte hartuko duten irakurleen artean. Ekimena 15 herritan egongo da martxan eta tokian tokiko elkarteek indartuko dute.

'XX. mendeko koaderno eta testuliburuak' erakusketa ikusi ahal izango da maiatzaren 13a bitartean. Hezkuntzaren ibilbide historikoa erakutsiko duen ekimen hau Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolako Bilera Gelan (Sarriena auzoa z/g, Leioa) jarri dute. .