Itxi

Literatura

Zientzia-fikzioa

Ray Bradbury idazlea, 'Fahrenheit 451' lanaren egilea, hil da

'The martian chronicles' liburuaren idazlea zientzia-fikziozko generoaren egile garrantzitsuenetarikoa izan zen.

  • Ray Bradbury. Argazkia: EFE

    Ray Bradbury. Argazkia: EFE

Ray Bradbury idazle estatubatuarra hil da. Fahreinheit 451 eta zientzia-fikziozko eta misteriozko beste lan askoren egilea Los Angelesen hil da, 91 urte zituela, Danny Karpetian ilobak io9.com webgunean jakinarazi duenez.

"Zerbait nabarmendu beharko banu, asko maite dudala eta faltan botatzen dudala esango nuke, eta haren alboan izan zirenek gordetzen dituzten oroitzapenak entzuteko irrikan nago", esan du Karpetianek. 

Zientzia-fikziozko generoaren egile handienetariko bat izan da, baina bere estiloa fantastikoa zela esaten zuen, kontakizunak eguneroko bizitzan oinarritzen baitzituen.

AEBetako eleberrigilea gaztarotik izan zen irakurlea, eta zaletasunagatik idazten zuen.

Arazo ekonomikoak zirela eta, Bradbury ezin izan zen unibertsitatera joan. Horregatik, egunkariak saltzen hasi zen, baina ez zuen alde batera utzi ikasteko grina eta autodidakta izan zen.

Eleberriak (‘'The martian chronicles' da ezagunenetakoa) idazteaz gain, antzezlanak, zinemarako eta telebistarako gidoiak ere egin zituen; 1956an, esaterako, John Hustonekin lankidetzan aritu zen, “Moby Dick” moldatzen.