Itxi

Literatura

Klasikoen Irakurketa Jarraitua

12 ordu, 'Zergatik Panpox' Arantxa Urretabizkaiaren eleberriarekin

5. edizio hau ere Arriaga Antzokian izango da, eta Zergatik Panpox eleberria aukeratu dute aurten. Ekainaren 14an, goizeko 8etan hasi eta arratsaldeko 8ak arte ekingo diote txandaka irakurtzeari.

01:28
Urretabizkaiaren 'Zergatik Panpox' lanaren etengabeko irakurketa, Arriagan

Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox eleberria irakurriko dute aurten Bilbon egin ohi den Klasikoen Irakurketa Jarraituan. Ekainaren 14an, ostegunez, egingo da irakurraldi hori, Arriaga Antzokian. Goizeko 8etan hasi eta arratsaldeko 8ak arte etenik gabe ekingo diote txandaka irakurtzeari.

Zergatik Panpox 1979an idatzi zuen Arantxa Urretabizkaiak, eta emakume baten bakarrizketa da. Antolatzaileen hitzetan, lan hau euskara ikasleen esfortzua eskertu eta euskal literaturako klasikoak nabarmendu nahi dituztelako aukeratu dute.
Euskal Herriko kultura, ekonomia, gizarte, kirol eta politika arloetako 400 pertsona inguru elkartuko dira bertan. Lehengo zatia Arantxa Urretabizkaiak berak irakurriko du.

Urretabizkaia pozik azaldu da egindako lana aintzakotzat hartzea beti delako pozgarria. Bestalde, erreparoa ematen dio bere bakardadean idatzitako hori 400 lagunen ahotan entzuteak, “horrek irakurlearen parean jartzera behartzen zaituelako”, idazlearen arabera.

Bilbo Zaharra euskaltegiak bosgarrenez egingo du Euskal Klasikoen Irakurketa Jarraitua. Duela lau urte Axularren Gero irakurri zuten, duela hiru Joan Antonio Mogelen Peru Abarka, duela bi Jon Miranderen Haur besoetakoa, eta iaz Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso.