Itxi

Literatura

Heriotza

Raul Guerra Garrido idazlea hil da Donostian, 87 urte zituela

EITB MEDIA

Madrilen jaioa, baina 60ko hamarkadatik Donostiako bizilaguna, 2006an Letretako Sari Nazionala lortu zuen; beste hainbat golardo ere jaso zituen.

  • Raul Guerra Garrido, 2019an, omenaldi batean. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.

    Raul Guerra Garrido, 2019an, omenaldi batean. EITB Mediako bideo batetik hartutako argazkia.

Raul Guerra Garrido idazlea ostiralean zendu da, 87 urte zituela, Donostian. Madrilen jaio zen idazlea, baina aurreko mendeko 60ko hamarkadatik Donostiako bizilaguna zen.

Eleberrigilearen senideek jakitera eman dutenez, Guerra Garrido Policlina Gipuzkoan hil da. Ospitaleratuta zegoen bertan, zituen osasun arazoak larriagotuta.

Guerra Garridok euskal gizartearekin lotutako hainbat arlo politiko eta sozial jorratu zituen. 2006an, Letretako Sari Nazionala eman zioten, eta, gainera, besteak beste, Nadal Saria ere lortu zuen, 1976an. Gipuzkoako Aldundiak omenaldia egin zion, 2019an, eta Alfontso X. Jakitunaren Orden Zibilaren Gurutze Handia jaso zuen.

90eko hamarkadako azken urteetan, Ermuko Foroaren sortzaileetakoa izan zen.

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak heriotza deitoratu eta bere lana goraipatu du, "herrialde anitz eta askotariko baten erakusleihoa" dela iritzita.

Bestalde, Consuelo Ordoñez buru duen Covite terrorismoko biktimen kolektiboak gogorarazi du 2019an Raul Guerrak Covite saria jaso zuela, Fernando Aramburu idazlearekin batera. Covitek azpimarratu du Guerra izan zela bere eleberrietan terrorismoa jorratu zuen lehen idazleetako bat.

Azkenik, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak "errespetua eta miresmena" agertu dio hildako idazleari. "Raul Guerra Garrido idazle eta intelektual bat izan zen lehenik eta behin, eta inoiz ez zien uko egin bere ideiei, nahiz eta prezio handia ordaindu behar izan", esan du.