Literatura
Elkarrizketa
Ekaitz Goikoetxea: "Aforismoa ekaitzaldi bat da, trumoi txikiak lehertu behar lizkiguke geure baitan"
Natxo Velez | EITB Media
Ekaitz Goikoetxea sortzaileak "Balio erantzia" aforismo sorta argitaratu du Balea Zuria argitaletxearen eskutik, Felipe Juaristik hitzaurrean esaten duen bezala, "hitz egoki eta neurtuekin egia esateko" hirurehun ahalegin baino gehiago.
-
Ekaitz Goikoetxea
"Arau gisa proposatzen den esapide laburra" da aforismoa, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arabera, baina Ekaitz Goikoetxea Asurabarrenak (Beasain, 1980) beste hainbat deskribapen iradokitzaile gehigarri bildu ditu "Balio erantzia" liburuan (Balea Zuria, 2022) esakune horietarako, hala nola "aforismoaren maxima minimoetara jotzea" dela.
Ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta gehien esateko ariketan ari da Goikoetxea lan honetan, hizkuntza bihurrituz ("ariketa beti da harik eta", "gosea ez da pasatzen, geratu egiten da", "hor dena kaosa da") zein egunerokoak gure apatiak lagunduta bihurritutako ideiak arteztuz ("behar bada, / beharbada soberan", "guztiona bada, guztia ona ez duen seinale", "iragana ar(r)aroa izan da"). Arau gisa proposatzen den esakunea da aforismoa, beraz, baina buruan ezarrita ditugun arauak eraisteko arma gisa ere erabiltzen ditu Goikoetxeak "Balio erantzia"n.
Egilearekin hitz egin dugu lanari buruz.
Zein dira aforismoaren mugak? Zer eskatu diozu sortu duzun ale bakoitzari, liburura biltzeko?
Hitza da aforismoaren muga. Isiltasunaren eta hitzaren arteko lurraldea da aforismoarena; izan ere, hain da ederra isiltasuna, hain iradokitzailea, hainbesteko esanindarra du, bera urratzeko darabiltzagun hitzek gutxien-gutxienean isiltasunaren neurrira egon behar baitute.
Horretarako ezinbestekoa da zehatza eta neurritsua izatea. Eta, hain zuzen ere, horretan saiatu naiz "Balio erantzia" liburuan; oro har, unibertsalak izan daitezkeen gaien inguruan (bizitza-heriotza, denbora, izatea, identitatea, hizkuntza, isiltasuna…) pentsamendua eta hizkuntza ahalik gehien bihurritu eta neure (h)egiak agerian jartzen, hitza jokoan jarri eta jolasten, jokoa ematen dutenak baitira jolasak.
Aforismoa araua omen, baina literaturak eta "Balio erantzia"ko aforismoek ez dituzte, bada, zalantzan jartzen arauak? Nola uztartzen dira aforismoaren berezko biribiltasuna eta literaturaren zalantzazkotasuna?
Gehien-gehienetan, goitik beherako sententzia, baieztapen borobilak, izaten dira aforismoak, bai. Nireak ere hala dira gehien-gehienak, baina nireak dira, nire egiak, hartzailearenekin askotan bat eta beste askotan talka egingo dutenak. Egiak bai baititu bere hegiak, eta borobiltasunak bere ertzak.
Aforismo batzuekin identifikatu egingo gara eta gure pentsamendu eta sineskeren lelo eta goiburutzat ere hartuko ditugu askotan. Zirikatu, probokatuko gaituzten aforismoak ere badira, eta ederra da hori ere, eragin dizun seinale, asaldura, haserrea, irakurketa osteko hausnarketaren ondorio izango baita beti.
Aforismoa ekaitzaldi bat da, tximistak begiak ez ezik gainerako zentzumenak ere erakarri eta handik gutxira trumoi txikiak lehertu behar lizkiguke geure baitan. Halakorik eragin ezean, esaldi polit bat izango da agian, hitz-joko bat, okurrentzia bat akaso. Baina aforismoa ez.
"Aforismoaren maxima minimoetara jotzea da", diozu zuk liburuan. Zenbaterainokoa izan da, idazketa prozesuan, kimatze lana?
Etengabea eta une orokoa. Oso hitz eta esaldi gutxiri utzi diet burutik papererainoko bidea egiten: askori luzeegi irizten nien, lauegi beste askori. Eta esateko guztia isiltasunera murriztu nahi duzunean, lau hitz gehiegi dira. Esan nahi nuena ondoen adierazten zuten hitzak esanindar handiena izango zuten hurrenkeran jarri arteko onik ez dut izan. Ariketa beti da harik eta, eta "harik eta" urte asko dira.
Ekaitz Goikoetxea
Noiz hasi zinen konturatzen liburu baterako adina aforismo batuko zenituela? Zenbat gelditu dira kanpoan eta zergatik?
Nahi gabeko eta oharkabeko zerbait izan da. Aspaldian ari nintzen aforismoak aleka, maiztasun jakinik gabe koadernoan zirriborratu eta gordetzen. Baina duela hiru bat urte, gai ezberdinen inguruan neure burua asetzen zuten mordoxka bat banituela ikusita, iraunkorrago eta grinatsuago heldu nion liburu baterako adina ondu nituen arte.
Irakurgai dituzuenak iritsi ziren azkenean liburura, baina onak izanda ere, antzeko gaiak jorratu eta errepikakorregi gerta zitezkeelako, edo aforismo izatera iristen ez zirela uste genuelako, beste bi liburu osatzeko adina geratu ziren kanpoan.
Ahalik liburu onena argitaratu nahi izan dugu ahalik aforismo onenekin. Eta horrek arrazoi ezberdinengatik beste aforismo on asko kanpoan uztea zekarren ezinbestean.
Norentzat daude idatzita aforismoak edo norentzat dago idatzita liburua?
Liburua ondorio bat da. Ni aforismoak idazten gozatzen ari nintzen, eta nik bezala, beste batzuek ere goza zezaketela jabetu nintzenean hasi zen liburuaren ideia neure baitan indarra hartzen.
Beraz, esango nuke, batez ere, neure buruarentzat daudela idatzita aforismoak. Nork irakurri eta goza dezakeen besterik da.
10 hilabete dira liburua argitaratu zela, eta sekulako harrera izaten ari da orotariko irakurleen artean. Norbanako asko ari da liburua bere kasa irakurtzen eta berrirakurtzen, askok esaten baitidate sarri-sarri itzultzen direla aforismo jakin baten bila, gau-mahaian luzaroan presente jarraitzen duen liburua dela.
Badakit euskaltegi batzuetan irakurri eta lantzen dutela, aforismoek solaserako, eztabaidarako, mintzamena lantzeko sekulako aukera eskaintzen baitiete. Hainbat ikastetxetan, 14-16 urteko gaztetxoak ere ari dira lantzen. Eta gozatzen.
Euskal Herrian saltzen eta irakurtzen ez den generoa omen da aforismoena. Bada, "Balio erantzia" 3. argitaraldira iritsi da hamar hilabetean. Oso-oso pozik gaude, eta oso eskertuta.
Barkatuko didazu, baina laburtasun-laburkeriak beti egoten dira begi gaiztoz jota. Batzuek sublimatzen dute sorkuntza laburra, eta beste batzuek deabrutu: zasca edo kokotekoak, Twitterreko 280 karaktereko eztabaidak, laburtasuna eta arinkeria nahastea… Zergatik jo duzu laburrera?
Luzeago idazten ez dakidalako jo dut laburrera. Ia idazten ikasi nuenetik, bukaera eta nondik norakoak buruan kontrolatzeko moduko adierazpideetan trebatu izan naiz, bertsotan nagusiki, eta saiatu izan naizenetan, nekez ondu dut bi orrialde baino luzeagoko itxurazko ezer. Bertso jarrietan, aforismoetan, zutabegintzan aritzen naiz eroso eta gusturen, eta baita eraginkorren ere.
Labur idazteak ez du esan nahi azkar eta arin idatziak direnik. Nik bi aste pasa ditzaket lau hitzeko aforismo bakar bat borobiltzen, edo bi hilabete 8 bertsoko sorta bat ontzen.
Azkar irakurtzen dira aforismoak, bai, baina aforismo onek egunetarako arrastoa eta oihartzuna utz diezazkizukete. Denbora gutxi eskatzen dizute eta denbora luzerako gozagai izan ditzakezu. Zer hoberik! Pentsamendua, hausnarketa, kritikotasuna, filosofia, giza garapena, hizkuntza erdigunean jarri nahi dituen gizarteak, hezkuntzak, etxeak, aforismoetan eta aforismoekin sakondu eta gozatu behar luke.
Juan Kruz Igerabide euskaraz, Karmelo Iribarren donostiarra gaztelaniaz… Zein idazlerekin ase dezake aforismo gosea "Balio erantzia" irakurrita harra piztuta duenak?
Euskal Herrian bertan badira aforista bikainak. Juan Kruz Igerabide eta Karmelo Iribarrenez gain, Karlos Linazasoro eta Ana Urkiza ere oso gogoko ditut, edo Ramón Eder eta Aitor Francos.
Ekaitz Goikoetxea
Baduzu beste sormen proiekturik esku artean?
Gaur egun, "Maitatzeari" emanaldi poetiko-musikala eskaintzen ari naiz herriz herri Popatik taldearekin, eta "GenEroa" eta "GenErorAntz" Kimua Dantza Kolektiboko kideekin.
Adierazpide ezberdinak landuz, generoaren eta maitatzearen inguruko hausnarketak partekatuz, ikaragarri ari naiz gozatzen, eta urte honetan, behintzat, bi proiektu horiei eskaini nahi diet nire sormena eta denbora.
Idazten jarraitu nahi nuke. Zer eta nola ez dakit oraindik, eta jakiteko presa eta nezesidaderik ere ez dut.
Idazten dudana argitaratuko dudan (eta didaten)? Ikusiko dut, eta ikusiko duzue.