Itxi

Literatura

2022ko liburu onena

111 Akademiaren sarirako bost hautagaiak, erabakita

Arantxa Urretabizkaiaren "Azken etxea", Nerea Ibarzabalen "Bar Gloria", Anjel Lertxundiren "Desertuan behatxuloa", Aingeru Epaltzaren "Erretzaile damutuaren konpainia" eta Maddi Ane Txoperenaren "Ez erran inori" liburuak dira.

  • "Ez erran inori" Maddi Ane Toperenaren liburua da hautagaietako bat

    "Ez erran inori" Maddi Ane Toperenaren liburua da hautagaietako bat

111 Akademia irakurle taldeak bere kideen 2022. urteko liburu gustukoena aukeratzeko lehen bozketa egin du, eta boto gehien batu dituzten lanak izan dira Arantxa Urretabizkaiaren "Azken etxea", Nerea Ibarzabalen "Bar Gloria", Anjel Lertxundiren "Desertuan behatxuloa", Aingeru Epaltzaren "Erretzaile damutuaren konpainia" eta Maddi Ane Txoperenaren "Ez erran inori".

Lehen txandan, bost lanetako batek ere ez du jaso boz guztien % 30 baino gehiago; ondorioz, Akademiaren arautegian zehaztutakoari jarraituz, bigarren bozketa txanda egingo dute bost lan horien artean.

Akademiakideek martxoaren 26a baino lehen bidali beharko dute botoa, eta bost lanotako batek botoen % 40 bereganatuko balitu, horixe izendatuko luke 111 Akademiak urteko kutuna. Kopuru horretara iristen den lanik ez balego, berriz, bi bozkatuenak finalera igaroko lirateke.

Aurreko urteetan, saritu dituzte "Eraikuntzarako materiala" (Eider Rodriguez), "Argiantza" (Pello Lizarralde), "Aitaren etxea" (Karmele Jaio), "Fakirraren ahotsa" (Harkaitz Cano), "Jenisjoplin" (Uxue Alberdi), "Elkarrekin esnatzeko ordua" (Kirmen Uribe), "Atertu arte itxaron" (Katixa Agirre), "Su zelaiak" (Mikel Peruarena Ansa), "Kristalezko begi bat" (Miren Agur Meabe), "Martutene" (Ramon Saizarbitoria)…