Itxi

Literatura

Heriotza

Gore Vidal hil da, Los Angelesen, 86 urte zituela

Erredakzioa

Literatura Nobel sariaren betiereko hautagaia, Al Goreren lehengusua eta Jacqueline Kennedyren nebaordea, Gore Vidal idazlea AEBetako idazle eta pentsalari onenetako bat izan da.

  • Gore Vidal idazle, nobelagile, saiogile eta zinema gidoilari estatubatuarra. Argazkia: EFE

    Gore Vidal idazle, nobelagile, saiogile eta zinema gidoilari estatubatuarra. Argazkia: EFE

Gore Vidal idazle, nobelagile, saiogile eta zinema gidoilari estatubatuarra hil da, Los Angelesen, 86 urte zituela. Literatura eta zinema izan zituen hizpide bere bizitzan, eta lanik esanguratsuenen artean Caligula (1979) eta Is Paris Burning? (1966) daude.

Literaturaren Nobel sarirako betiereko hautagaia, Al Goreren lehengusua eta Jacqueline Kennedyren nebaordea, Gore Vidal Hollywooden zuen etxean hil da, pneumonia baten ondorioz, Burr Steers ilobak Los Angeles Times egunkariari adierazi dionaren arabera.

Gore Vidal AEBetako politikarekin oso kritikoa izan zen pentsalari garrantzitsuenetako bat izan zen. Eztabaida esanguratsuak izan zituen Susan Sontang, Noam Chomsky edo Norman Mailer pentsalariekin.

Mailer eta Truman Capoterekin batera, Vidal AEBetako idazle eta pentsalari garrantzitsuenetako bat zen.

Vidalek, batik bat, eleberri historikoak, estatubatuarren bizimoduari eta zientzia fikzioari buruzko satirak idatzi zituen.

Genero historikoan, hauek izan ziren izenbururik ezagunenak: A Search for the King (1950), Julian (1964), Creation (1981), Washington D.C. (1967), Burr (1973), Lincoln (1984) eta Empire (1987).

1993an, United States Essays, 1952-1992 saioengatik AEBetako Liburuaren Sari Nazionala jaso zuen.

Satira ezagunenak Myra Breckinridge, Duluth, Messiah (1954) eta Kalki (1978) izan ziren.