Literatura
Otsailak 27 – martxoak 2
"Hitzaren adierazpen guztiei" begiratuko die Gutun Zuria letren Bilboko jaialdiak
N. V. | EITB Media
Ikasleentzako topaketak, itzulpengintzako profesionalentzako prestakuntza, literatur solasaldiak, euskal sorkuntzari buruzko topaketak eta sormen prozesuei buruzko hitzaldiak prestatu dituzte arduradunek, "Berba dariola" lelopean.
-
"Berba dariola" izango da Gutun Zuriaren leloa
Gutun Zuria Bilbao Letren Nazioarteko Jaialdiak "mugarik eta aukera-mugarik gabeko lurraldea" izan nahi du aurten, otsailaren 27tik martxoaren 2ra, eta "hitzaren adierazpen guztiei" begiratuko die hamaseigarren edizioa egingo duen honetan.
"Berba dariola" izenburupean, ehundik gora "sortzailek" hartuko dute parte, tartean direla, izen ezagunenak aletzearren, Mariasun Landa, Juan Mayorga, Arantxa Urretabizkaia, Brenda Navarro, Isaan Rosa, Jorge Carrión, Lucía Lijtmaer, Luis López Carrasco, Marta Sanz, Miren Agur Meabe, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Patxi Zubizarreta, Rosa Montero eta Txomin Badiola.
BBKk eta Azkuna Zentroak BBK Gutun Zuria Bilbao ohorezko saria banatuko dute hirugarren aldiz, aurten "Mariasun Landa euskarazko haur eta gazte-literaturaren berritzaile handiari eta Juan Mayorga antzerkiak eta egileek arte eszenikoei egiten dieten ekarpena irudikatzen duen dramaturgoari.
Jaialdia otsailaren 27an hasiko da: Mariasun Landak saria jasoko du, eta Patxi Zubizarreta idazlearekin hitz egingo du. Itxiera ekitaldia martxoaren 2an izango da, eta bertan jasoko du saridunei ematen zaien makila Juan Mayorgak .
Otsailaren 28 eta 29ko goizetan, Patxi Zubizarreta, Pello Ramirez, Josune Muñoz eta Hélène Vignal idazleek literaturaz mintzatuko zaizkie ikasleei, eta arratsaldez Maialen Berasategi itzultzaileak "Literatura itzultzen" maisu eskola eskainiko die profesionalei.
Egunero, euskal literatura sorkuntza hartuko dute hizpide Bastida aretoan, besteak beste, Jon Mikel Euba eta Txomin Badiola artista plastikoek, Miren Amurizak, Iñigo Astizek, Malen Amenabarrek, Isabel de Naveranek, Nerea Ibarzabalek eta Arantxa Urretabizkaiak.
Bestalde, Auditorioan mintzatuko dira Abdellah Taïa, Anna Starobinets, Azahara Alonso, Bibiana Collado, Brenda Navarro, Rosa Montero, Lucía Lijtmaer, Nadal Suau eta Gemma Ruiz, besteak beste.
GutunZuria +PRO eta Gutun Zuria Zabalik
Gutun Zuriaren edizio honek bi nobedade aurkeztuko ditu Gutun Zuria +PRO liburuaren mundu profesionalari zuzendutako kongresua (otsailak 28 eta 29 Bastida aretoan) eta Gutun Zuria Zabalik, "letren hibridazioaren inguruko elkarrizketa-gune berria, jaialdia urte osoan zehar irekita mantenduko duena.
Oskar Alegria zinemagileak inauguratuko du Gutun Zuria Zabalik, Zinzindurrunkarratz bere azken lana aurkeztuta.
Gutun Zurirako sarrerak dagoeneko salgai daude gutunzuria.azkunazentroa.euswebgunean.