Itxi

Literatura

Bozketa

Eneko Bidegainek irabazi du 111 Akademiaren Saria, "Bichta éder" eleberriagatik

N. V. | EITB Media

Ekain hasieran emango dio saria irakurzaleen elkarteak baionar idazleari. "Maitasun kapitala" Karmele Jaioren liburua zen beste finalista.

  • Eneko Bidegain idazlea

    Eneko Bidegain idazlea

Eneko Bidegainek irabazi du 111 Akademiaren Saria aurten, 28. edizioan, akademiakideen ustez Bichta éder eleberria izan baitzen 2023ko libururik onena. Saria emateko ekitaldia ekainaren hasieran egingo dute.

218 kide ditu gaur egun 111 Akademiak, eta horietako 123k parte hartu dute 2023ko sariduna izendatzeko hiru bozketa txandetan. Bidegainen lanak Maitasun kapitala  Karmele Jaioren nobela izan du lehiakide azken bozketan.

Elkar argitaletxeak honela laburtu du Bichta éder: Eñaut Oihenart kazetariak ikerketa abiatuko du euskal kostako jauregi abandonatu batean asmo ezkuturen bat dela jakin eta gero; eraikitzaile-promotoreak eta tokiko agintariak negozio ilun batean lotuta egon litezke.

Eneko Bidegainek "irakurlea harrapatzen duen thriller politiko bat" idatzi du, argitaletxearen hitzetan, "egungo gizartearen kontraesanen ispilu ere badena: itxurakeriaren zama, harreman sentimentalen zaila, militantziaren eredu erritualizatuak, kazetaritzaren morrontzak eta euskararen patua".

Azkeneko urteetan, lan hauek irabazi dute 111 Akademiaren saria: "Azken etxea" (Arantxa Urretabizkaia), "Eraikuntzarako materiala" (Eider Rodriguez), "Argiantza" (Pello Lizarralde), "Aitaren etxea" (Karmele Jaio), "Fakirraren ahotsa" (Harkaitz Cano), "JenisJoplin" (Uxue Alberdi), "Elkarrekin esnatzeko ordua" (Kirmen Uribe), "Atertu arte itxaron" (Katixa Agirre), "Su zelaiak" (Mikel Peruarena), "Kristalezko begi bat" (Miren Agur Meabe), "Martutene" (Ramon Saizarbitoria)...