Literatura
Komikiak
Martxan da Getxoko komiki azoka
Eddie Campbell Getxon izango da (Alan Mooren laguntzailea 'From Hell' komiki ezagunean). Gainera, Alfonso Zapico, Mauro Entrialgo, Miguelanxo Prado, etab. azokan izango dira.
-
Getxoko Komiki Azoka 2011. Argazkia: EITB
Igandera arte Getxoko Komiki Azokaren 11. edizioa ospatuko dute Areetako Geltokiaren enparantzan. 60 stand izango dira eta hainbat artista ezagunek hitzaldietan eta lanen aurkezpenetan parte hartuko dute.
Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez, Eddie Campbell eskoziarra azokan izango da. "From Hell" komiki ezagunean parte hartu duelako da ezaguna Campbell, Alan Moorekin batera. "Mi libro sobre el dinero" lana aurkeztuko du Getxon.
Miguelanxo Prado ere Getxon izango da, "Espainiako egile ezagunenetarikoa Europa mailan", antolatzaileen arabera. "Ardalén" lana aurkeztuko du. Alfonso Zapico ere bertan izango da, Espainiako Komiki saria "Dublinés" lanagatik eskuratu ostean. Sari hori duten beste bi egile ere azokan izango dira, Max eta Santiago Valenzuela.
Getxoko Komiki Azokako gonbidatuen artean hauek ere badaude: Mauro Entrialgo, Marika, Teresa Valero, Hernán Migoya, Manuel Bartual, Javier Pulido eta Javier de Isusi, besteak beste.
Norma argitaletxeari omenaldia egingo diote azokan (Europako komiki argitaletxe garrantzitsuenetariko bat) eta baita Luterl Taldea izeneko euskal kolektiboari ere, besteak beste Ondarroako Komiki Jardunaldien antolatzaileak.
Getxon izango diren erakusketen artean "Ardalén" izenekoa da aipagarriena, Miguelanxo Pradoren eleberri grafikoari buruzkoa, eta "Hazañas bélicas de ayer y hoy", 40eko eta 50eko hamarkadan komikigintzari buruzkoa. "TMEO: 35 urte" erakusketa ikusgai izango da, Gasteizko umore grafikoko aldizkariaren 25 urteei buruzkoa. Santiago Valenzuelaren lanak ere tokia izango du. Gainera, Valenzuelak azokaren aurtengo edizioaren kartelaren egilea da.
Argitaletxeek ere nobedadeak aurkeztuko dituzte, baita mahai-inguruak eta proiekzioak ere: multimedia filmak, animaziozkoak, dokumentalak eta animea izango dira ikusgai, besteak beste.