Musika
Disko berria
Judith Jauregui, bere kabuz
Alicia de Larrocharen omenezko diskoa kaleratu du, bere diskoetxe propioarekin. Granados, Falla eta Albenizen piezak jaso ditu disko horretan Jaureguik, gaur egungo pianista onenetarikoak.
-
Judith Jauregui, disko berriaren aurkezpenean. Argazkia: EITB
Judith Jauregui pianista donostiarrak disko berria atera du Alicia de Larrocharen omenez. Granados, Falla eta Albenizen piezak jaso ditu disko horretan Jaureguik, gaur egungo pianista onenetarikoak.
Diskoa Bilboko "Musika-Música" jaialdian aurkeztuko du asteburuan.
28 urteko piano jotzaile donostiarraren bigarren lana da kaleratu berri dena. Alicia de Larrocha piano jotzailearen omenezko lana da, bere jaiotzaren 90. urteurrenarekin bat eginez. Judith Jauregik Granados, Falla eta Albeniz egileen piezak interpretatzen ditu disko berri honetan. Albenizen "Suite espainiarra" osatzen duten zortzi pieza ezagunak, Granadosen "Zortzi vals poetiko" obra eta Fallaren "Lau pieza espainiar" izenekoa aurki daitezke disko honetan. CD hau kaleratu ahal izateko piano jotzaile gazteak diskoetxe propioa sortu du, Berli Music izenekoa. Modu honetan, musika egiteko askeago sentitu dela adierazi du. Judith Jauregi zuzenean entzuteko aukera ere eskainiko du Musika-Musica jaialdiak.
"Elkar begira" lelopean, XIX. mendearen bigarren erdialdetik XX. mende erdialdera aparteko musika sortu eta musika garaikidearen oinarriak finkatu zituzten konposagile euskaldun, espainiar eta frantsesen lanak izango ditu abiapuntu jaialdiak. Igandera bitarte, 70 kontzertu eskainiko dira, Albeniz, Granados, Guridi, Ravel edo Bizeten lanak interpretatuz. Hala ere, hain ezagunak izan ez arren, musika aberasten lagundu zuten beste zenbait musikagileren lanari ere garrantzia eman nahi diote aurten. Ohikoa denez, etxeko eta kanpoko musika eskola eta kontserbatorioek parte hartuko dute Musika-Música jaialdian. Guztira 600 artista gaztek parte hartuko dute musikari ospetsuekin batera. Madril edo ta Pontevedrako kontserbatorioak lehenengoz izando dira jaialdian.