Musika
Jazz munduan izen handia
Bebo Valdes piano-jotzaile kubatarra hil da
Erredakzioa
EITB
94 urte zituela zendu da, Suedian. Chucho Valdes musikari ezagunaren aita eta Kubako musikan erreferente zen.
Bebo Valdes piano-jotzaile kubatarra hil egin da ostiral honetan, Suedian, 94 urte zituela, familiako iturriek jakitera eman dutenez.
Dionisio Ramon Emilio Valdes Amaro zuen izen osoa, eta Kubako musikan erreferente eta jazz latinoaren mundu mailako izen handienetako bat zen. Chucho Valdes musikari ezagunaren aita zen Bebo Valdes.
Malagan bizi zen, baina Suediara bidaia egin zuen orain bi aste (semeetako batzuk han zituen), bere osasun egoerak txarrera egin zuelako, familiatik gertuko iturriek jakinarazi dutenez.
Zazpi urte zituela hasi zen Bebo Valdes (Quivican, Kuba, 1918) pianoa jotzen, eta 18 urterekin ikasketak abiatu zituen musika eskolan, ''patatak zurituz'' jatetxe batean bizimodua ateratzen zuela.
Bere ibilbide artistikoan bi garai argi nabarmendu daitezke: Lehen garaia Kuban, Sabor bere oskestrarekin batera; eta Stockholmoko erbeste garaia, 1960tik aurrera.
40ko hamarkadan egin zituen estreinako emanaldiak piano-jotzaile gisa, eta 1948an Haitira egindako bidaia bultzada izan zen bere ibilbide artistikoan, 'Tropicana' klubarekin bat egin ondoren. Garai hartan, halaber, Sabor de Cuba 'big band'a sortu zuen Valdesek.
1950eko hamarkadakoak dira bere ''deskarga'' ezagunak (jazz afro-kubatarraren inprobisazio saioak), eta garai hartako da baita ere batanga erritmo berria.
Kubako Iraultzak erbestera bultzatu zuen 1960an, eta ez zen berriz itzuli sorterrira. Mexikon eta AEBetan ibili ondoren, Stockholmora jo zuen, eta bertan bizi izan zen, 30 urtez.
Hiru hamarkadako isilunea 76 urterekin hautsi zuen, Bebo Rides Again lana kaleratuta, eta ''urrezko bigarren aro bati'' ekin zion, El Arte del Sabor (2001) lanarekin.
Garai hartan abiatu zuen Fernando Trueba zinemagilearekin elkarlana, eta Calle 54 (2000) eta El milagro de Candeal (2004) dira lankidetza horren emaitza.
Flamenkoaren eta jazzaren arteko fusioa da Bebo Valdesek musika munduari azken urteotan utzi dion ondare nagusienetako bat, eta horren adierazgarri Diego El Cigalarekin egindako Lagrimas negras (2002) lan ezaguna. Grammy saria jaso zuen lan horrek.
2003an, Donostiako Jazzaldiaren saria jaso zuen.