Musika
Jardunaldiak
BIME, musika ardatz
Musika ardatz duen hainbat arlotako profesionalak biltzeko nazioarteko topaketa egingo dute BEC!en eta Rekalde aretoan. Gainera, zuzeneko emanaldiak eta DJak izango dira.
BIME (Bizkaia International Music Experience) topaketak Barakaldoko BEC! eta Bilboko Rekalde aretoa hartuko ditu azaroaren 19tik 23ra. Musika ardatz duen hainbat arlotako profesionalak biltzeko nazioarteko topaketa bezala aurkeztu dute. Horrela, musikaren industria eta haren inguruan diharduten arloekin duen harremanei buruzko hausnarketa bultzatuko da, "jokatzeko era desberdinak sortzeko" eta bigarren mailako gai aberasgarriak eztabaidatzeko.
Horrela, bost egunetan zehar diskoen, jaialdien eta liburuen aurkezpenak izango dira, eta baita hitzaldiak eta mahainguruak ere.
Azaroaren 22an eta 23an 50 artista eta DJ egongo dira BEC!en, bost agertokitan. Agertoki batek Euskadi izango du gai nagusi, gure artistak nazioarteko ekoizleen aurrean aurkezteko. Beste bat gonbidatutako herrialde bat izango du gai nagusi eta gainontzeko hiruek denetarik izango dute.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, gaur egungo musikaren munduan diharduten artistarik garrantzitsuenak egongo dira BIMEn, baita hemengo eta nazioarteko esperantzak ere; beraz, BIME neguko jaialdi handienetakoen artean dugu Europan. Hauetariko talde askok euren disko berriak aurkeztera etorriko dira eta batzuentzat Espainian emango duten kontzertu bakarra izango da. Estatuko bazter guztietatik etorriko da jendea, eta Europako hainbat herrialdetatik ere bai.
Zuzeneko kontzertuekin batera, Bime Market izango da, diskoetxeak, ekoiztetxeak, sustatzaileak, elkarteak, erakundeak, moda, aplikazioak eta plataforma teknologikoak, besteak beste, elkartzen dituen aparteko bilera
Sarrerak
Sarrerak eta akreditazioak datozen asteetan zehar salgai egongo dira. jarduera batzuk soilik musikan diharduten profesionalentzako izango dira baina beste batzuk jendeari zabalik egongo dira.