Musika
Aurkezpena
Joseba Martin kazetariak 1.800 kantu aztertu ditu bere tesian
'El rock de las noticias. La actualidad y sus canciones: de la tradición anglosajona al caso vasco' izenburupean, asteazkenean defendatuko du 'La Jungla Sonora' saioko gidariak.
-
Joseba Martin. Argazkia: EITB
Joseba Martinek (Radio Euskadiko Kazetaria eta UPV-EHUko irakaslea) bere tesia, 'El rock de las noticias. La actualidad y sus canciones: de la tradición anglosajona al caso vasco', irakurriko du asteazken honetan Leioan. Hiru urte eman ditu ikerketa lan honetan, eta gaurkotasunarekin erlazionatutako (albiste zehatz edo denboran zehar iraunkortasun handia izan duten gaien bidez) euskal artisten kantak aztertzen ditu. Bilaketa honen emaitza gisa, 1960 eta 2010 artean argitaratutako 1.800 kanta baino gehiago bildu ditu.
500 bakarlari eta talderen diskografia eta aipatutako denboraldiko prentsaren kontsulta zorrotza aztertuz heldu da defentsan irakurriko dituen ondorioetara. Euskal musikaren testuingururako erreferente izateko asmoz, tradizio anglosaxoian kanta mota hauen aldez aurreko azterketa bat ere egin da, batez ere AEB eta Erresuma Batuko kasuetan, gaiaren inguruko hainbat argitalpen baitaude.
Kazetaritza eta komunikazio munduko hainbat alorretan eskarmentu handia duten bost katedradun izango dira tribunala osatzen: Jean-Jacques Cheval, Bordeleko Michel de Montaigne Unibertsitateko irakaslea eta GRER (Irratiari buruzko Ikerketa eta Ikasketa Taldea) taldeko presidentea; Jesús Canga, UPV-EHUko Kazetaritza Saileko kidea; Carmelo Garitaonandia, UPV-EHUko Kazetaritza Saileko kidea eta Bizkaiko Campuseko errektore-ordea; Bernardo Díaz Nosty, Malagako Unibertsitateko Kazetaritza Saileko zuzendaria; eta Josep Martí, musikan berezitutako antropologoa eta CSICeko Institució Milà i Fontanals-eko ikertzailea Bartzelonan.
Joseba Martin Radio Euskadiko 'La Jungla Sonora' saioko zuzendaria da 1989tik, eta Ibilbide Profesional Onenaren 2009ko Ondas Saria jaso du. Halaber, UPV-EHUko Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultateko Kazetaritza Saileko irakaslea eta Kulturaren Euskal Kontseiluaren kidea da.