Musika
Opera
Larunbatean agurtuko dute OLBEren 61. denboraldia, 'La Boheme'kin
Bilbon gehien interpretatu den opera da Puccinirena. Guztira, 27 emanaldi eskaini dira azken urteetan.
Pucciniren "La Boheme" opera ezagunarekin itxiko du OLBEk, Opera Lagunen Bilboko Elkarteak, 61. denboraldia. Ostiralean hasita, bost emanaldi eskainiko ditu guztira Euskalduna Jauregian. Maiatzaren 25ekoa, "Opera Berri" ekimenaren baitan eskainiko da, eta sarrera erdi prezioan erosi ahal izango da. Javier Tomé bilbotarrak sesio horretan abestuko du.
Publikoaren operarik kutunenetarikoa delako hautatu du OLBEk Pucciniren "La Boheme" bere 61. denboraldia ixteko. Bilbon gehien interpretatu den opera da gainera. Guztira, 27 emanaldi eskaini dira azken urteetan. Oraingoan ordea, hirian inoiz elkarrekin ikusi ez diren bi kantari batera entzuteko aukera izango da: Inva Mula sopranoa eta Stefanno Seco tenorea.
Bi protagonistekin batera, taulagainean izango dira Carmen Romeu soprano balentziarra, Simone Piazzola baritono italiarra, Rroberto Tagliavini baxua eta Manel Esteve eta Alberto Arrabal baritonoak. Migel Angel Gomez Martinez izango da musika zuzendaria eta berak gidatuko du Parmako Regio antzokiko orkestra, OLBEko 61. denboraldia borobiltzera datorren operan. Pozik azaldu da Jon Paul Laka OLBE-ko zuzendari artistikoa, denboraldi orekatua izan delako, opera ezagun eta ez hain ezagunak eskaini dituztelako eta publikoak erantzun duelako.
Pucciniren "La Boheme" opera, larunbatean estreinatuko da Euskalduna Jauregian, iluntzeko 20:00etan. Ondoren, beste lau emanaldi eskainiko dituzte. Maiatzaren 25ekoa, Opera Berri ekimenaren baitan, erdi prezioan eskainiko da, tenore eta soprano ezberdinekin.
Javier Tomé
Javier Tomék, Italiako antzokietan ezaguna egin den opera abeslari bilbotarrak, etxean abestuko du ostiralean. ABAOk, ospea lortzen ari diren abeslariak aurkezteko eratu duen "Opera Berri" programaren barruan arituko da.
Duela hiru urte Italian nazioarteko opera lehiaketa bat irabazi zuenetik Europa, Japonia eta Estatu Batuetan izan da. Etxean du orain hitzordua.