Musika
Uztailaren 3tik 7ra
Getxoko Jazzaldiak 18 kontzertu eskainiko ditu
Erredakzioa
Lehendabiziko saioan Ignacio Berroa jardungo da, egungo perkusionista kubatar handienetako bat dena eta urte luzez Dizzy Gillespie tronpeta-jole mitikoaren laguntzailea izan zena.
Jazzaren doinuak Getxoko Nazioarteko Jazzaldiarekin abiatuko dira, Euskadin. Jaialdiak aurten hogeita hamazazpigarren edizioa beteko du. Uztailaren 3tik 7ra, Getxoko Jazzaldiak proposamen zabala hurbilduko digu, eta, aurtengo egitarauan, artista handiek eta promesa gazteek lekua izango dute.
Edizio honetako kontzertu nagusietan (Biotz Alai plaza, 22:00etan), estilo anitzetako artistak eta taldeak izango ditugu. Lehendabiziko saioan Ignacio Berroa jardungo da, egungo perkusionista kubatar handienetako bat dena eta urte luzez Dizzy Gillespie tronpeta-jole mitikoaren laguntzailea izan zena (azken horrekin batera aritu zen talde handi guztietan).
Uztailaren 4an, ostegunean, Stacey Kent kantari estatubatuarra arituko da. Artista horrek Ella Fitzgeralden antzeko estiloa du, eta zenbait hizkuntzatan aritzeko gaitasuna du. Ahots garbia eta fraseatze perfektua ditu, eta horiek zorroztasun osoz txertatzen dira denboraz kanpoko istorioak kontatzen dituzten abestietan, eta belaunaldi desberdinetako entzuleengana iristeko gai dira.
Hurrengo egunean, ostiralean, uztailaren 5ean, jaialdiak Al Di Meola gitarra-jotzaile birtuosoa hartuko du. Artista hori gai da genero eta hainbat estilotara egokitzeko. Teknika bikaina duenez, musikari handien ondoan aritu da, hala nola Chick Corea, Stanley Clarke, Steve Winwood, Jaco Pastorius, Paco de Lucía eta John McLauglin. Azken bi horiekin hirukote txalotua osatu zuen, eta arrakasta handiak lortu zituen. Hirukote horrek ekitaldi aipagarria eskaini zuen Getxoko Jazzaldian 1996. urtean.
Larunbatean, jaialdiak jazz afro kubatarraren irudi handietako baten eskutik egingo dio aurre asteburuari, Gonzalo Rubalcabarekin hain zuzen. Artista horrek bere ibilbide arrakastatsua Orquesta Aragon talde ospetsuan hasi zuen, 80ko hamarkadako talde kubatar garrantzitsuenetako batean. Horren ostean, ospea lortu zuen Charlie Hadenen ondoan, eta jazz garaikidearen piano-jotzaile handietako bat bihurtu zen. 15 aldiz izendatu zuten Grammy sarietarako, eta bitan irabazi du.
Igandean, uztailaren 7an, Getxoko Jazzaldiak jazzaren historiako tronpeta-jole handietako batekin agurtuko gaitu, Wynton Marsalisekin hain zuzen. Musikaria jaialdira Jazz At Lincoln Center Orchestra taldearen buruzagitzan iritsiko da. Talde horretan, Estatu Batuetako jazz instrumentistarik onenak biltzen dira. Marsalis neoklasizismoaren erakusle da, eta teknikoki estilo bikaina du. Swingetik beboparen adierazpenik modernoenera doazen doinuak biltzen ditu. Jazzaren esparruan 80ko hamarkadaren hasieran abiatu zenetik, jazz akustikoaren eta tradizioari lotuta dagoenaren arteko apustua egin du. Horretan, besteak beste, Miles Davis eta Freddie Hubbard irudien eragina antzematen da.
Biotz Alai plazan, 21:00etatik aurrera, Talde Lehiaketako lehen saria lortu nahi duten Polonia, Danimarka eta Txekiar Errepublikako lau banda gazteen proposamenaz gozatu ahal izango dugu. Talde horiek Europako jazz banda gazteen lana erakutsiko digute. "Hirugarren Milurtekoa" ataleko ikuskizunek (Algortako Geltokia plaza, 19:00etan), The Piper's Irish Pubeko Jam Sessions izeneko saioek eta Esther Cidoncharen argazki-erakusketak osatuko dute aurtengo jaialdiko proposamena.Getxo