Musika
8. edizioa
Hondarribia Blues Festival, Europako hiru garrantzitsuenetako bat
Erredakzioa
Jaialdia uztailaren 11tik 14ra izango da eta bost agertokietatik nazioarteko hamabost artista baino gehiago pasako dira eta, horien artean, Eric Burdon eta Mike Sponza musikariak.
-
Hondarribia Blues Festival 2013ko kartela.
Hondarribia Blues Festival jaialdia "Europako blues jaialdi onenen artean aukeratu du" European Blues Conference (EBC) elkarteak, Carlos Malles ikuskizun hondarribiarraren zuzendariak iragarri duenez. EBC urtean behin egiten duten bilera bat da eta, ekimen horretan, Europako hainbat jaialditako ordezkariek parte hartzen dute. Oraingo honetan, Hondarribikoa, Notodden norvegiarra eta Lucerne suitzarra Europako onenak direla erabaki dute.
Hondarribiko jaialdiak zortzi urte beteko ditu aurten eta Donostian egin dute ekimenaren aurkezpena. Ekitaldian izan dira Calors Malles antolatzailea eta Aitor Kerejeta alkatea ere.
Jaialdiaren nazioarteko oihartzunaren oinarria ekimenaren "maila artistikoa eta azpiegiturak" direla esan du Mallesek. Aurten, jaialdiaren bost agertokietatik nazioarteko hamabost artista baino gehiago pasako dira, uztailaren 11tik 14ra.
Aurtengo edizioan Eric Burdon abeslari eta konposatzaile ingelesa omenduko dute. Burdon The Animals eta War taldeetan aritzeagatik ezaguna da. Agertokian duen "indarrak" ere ospetsu egin du.
Burdonek The Eric Burdon Bandekin hasi zuen bakarkako ibilbidea, eta blues, funky, hard rock eta heavy metal estiloen eragina du. Artistak uztailaren 14an, igandean, 20:30ean, izango da, Bentan.
Beste izen garrantzitsuetako bat Mike Sponza & The European Blues Convention taldea da. Blues musikagatik ezagunak ez diren Italia, Eslovakia eta Hungaria herrialdeetako banda bat da eta "Crossroads" atalean parte hartuko dute.