Itxi

Musika

Uztailaren 24tik 28ra

Jamie Cullumek irekiko du gaur gauean Jazzaldiaren 48. edizioa

Erredakzioa

Jaialdiak Paraoah Sanders eta Elvis Costello artista beteranoak eta Youn Sun Nah eta Gregory Porter abeslari estatubatuar hasiberria bilduko ditu. Aurtengo ediziaori amaiera emango dio Diana Krallek.

  • Jamie Cullum artista britainiarra, kontzertu batean. Argazkia: Warren Fox/jamiecullum.com

    Jamie Cullum artista britainiarra, kontzertu batean. Argazkia: Warren Fox/jamiecullum.com

Donostiak Jazzaldiaren 48. edizioari hasiera emango dio gaur. Datozen bost egunetan, musika asko entzungo da Gipuzkoako hiriburuan eta, besteak beste, jaialdiak Paraoah Sanders eta Elvis Costello beteranoen eta Youn Sun Nah korearraren eta Gregory Porter abeslari estatubatuarren talentu berria uztartuko ditu.

Azken horrek, hain zuzen ere, izango du ekimenari hasiera emateko erantzukizuna, Kursaaleko terrazetan, 20:00etan. Ordu horretan ere, ondoko agertokietan izango dira Gabacho Maroconnection eta Igelaren Banda.

Hala eta guztiz ere, eguneko protagonista nagusia Jamie Cullum artista britainiarra izango da. Cullum 21:30ean igoko fa Zurriola hondartzako Agertoki Berdera. Duela lau urte, Jazzaldiaren 44. edizioan, Cullumek Jazzaldiari amaiera eman zion, Trinitate plazan.

Shibusa Shirazu Orchestra banda japoniarra Jazzaldira itzuli da aurten eta gauerdiko kontzertuetako bat izango da. Horren ostean, Robert Glasper Experiment, Ola Kvernberg Trio eta Reijseger/Fraanje/Sylla proposamenen txanda izango da.

Ostegunean (uztailak 25), Elvis Costelloren txanda izango da. Aurretik, bi Jazzaldi itxi ditu artista ospetsuak (2007an eta 2010ean). Oraingo honetan, Trinitate plaza utzi eta hondartzako Agertoki Berdean (doakoa) arituko da.

Egun horretan eskainiko diren beste kontzertuen artean dira Vijay Iyer (Victoria Eugenia) eta Steve Swallowen boskotea (Trinitate plaza), Carla Blay, eta Jorge Pardo piano-jotzaile eta saxo-jotzaile madrildarra Huellas XL Big Band proiektuarekin.

Donostiako Alde Zaharreko plazan izango dira Dave Douglas tronpeta-jotzailea (ostirala, 26) eta Pharoah Sanders saxo-jotzailea (lehen aldiz parte hartuko du Jazzaladian) ere.

Ostiraleko proposamen nagusia Lee Konitz musikariarena izango da. Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak azaldu duenez, saxo-jotzaileak aste honetan bertan jakinarazi die Sanders a Dan Tepfer piano-jotzailearekin arituko dela Donostian eskainiko duen kontzertuan.

Horrez gain, ostiralean ere Heineken Jazzaldiak Belle San Sebastian eskoziarren emanaldia eskainiko du gauerdian, Zurriolako hondartzan.

Larunbatean, John Zorn egungo jazz musikaririk ezagunenetakoaren Masada Marathon ikuskizunaren txanda izango da, Kursaalen. Zornen Tzadik zigiluko hamabi taldek joko dute ere (Dave Douglas, Marc Ribot eta Uri Caine, besteak beste).

Trinitate plazan, berriz, China Moses eta Raphaël Lemonnier, eta Buika arituko dira larunbat gauean.

Diana Krallek itxiko du aurtengo Jazzaldia, Kursaalen. Krallekin batera joko du Marc Ribot musikariak ere. Trinitate plazan, Youn Sun Nah Quartet eta  Hiromi artista japoniarrak izango dute jaialdiari amaiera emateko erantzukizuna.

Aurtengo edizioak, gainera, agertoki gastronomikoak ere izango ditu Basque Culinary Centerren eta Andoni Luis Adurizen Mugaritz jatetxearen proposamenekin.