Itxi

Musika

Jazza zabaltzen laguntzeagatik

Cifuentesek Jazzaldia Saria jaso du Donostian

Erredakzioa

Donostiako alkateak golardoa eman dio Juan Claudio 'Cifu'ri jazza zabaltzen laguntzeagatik. "Ohorea izugarria da", adierazi du.

0:53
Juan Claudio Cifuentes saria jasotzen.

Juan Carlos Cifuentes 'Cifu'k Donostiako Jazzaldia saria jaso du larunbat honetan, irratiaren eta telebistaren bitartez jazza zabaltzeko egindako ibilbide luzeagatik. "Nik lan hori egingo ez banu, beste edonork egingo luke", esan du 'Cifu'k.

Donostiako alkateak plaka eman dio; aurtengo edizioan, Lee Konitz saxofoi-joleak ere golardo bera jaso du. Aurreko urteetan jazzaren beste hainbat izen handiek eskuratu dute sari hori, tartean, Doc Cheatham, Chick Corea, Kenny Barron, Shirley Horn eta Eayne Shorter.

"Oso urduri eta hunkituta nago", adierazi du 'Cifu'k, "mirespen handia diedan musikariekin golardo hau partekatzea ohore izugarria da".

"Saria eskertu nahi dizuet, benetan, plaka hau Victoria Eugenia antzokian eta Trinitate plazan jazotako urteen eta oroimenen isla delako", azpimarratu du.

'Cifu'k adierazi duenez, duela lau hamarkada, ogibide horretan hasierako urratsak eman zituenean, "ez zegoen Estatuan jazz musika belaunaldirik, bakarrik musikari batzuk, Pedro Iturralde eta Tete Montoliu, esaterako".

"Egoera zeharo aldatu da 80ko hamarkadatik", azaldu du Cifuentesek, "egun jazz musikari handiak ditugu gurean, besteak beste, Jorge Pardo, Frantzian jazz musikari onenaren Europako saria lortu duena". "Egun atzera egiten ari gara", deitoratu du. "Agintariei bost axola zaie Kultura: futbola askoz ere gomendagarriagoa da", gaineratu du ironiaz.