Musika
Singlea
Lady Gagak single berria aurreratu du, ‘Applause’
Filtrazioen ondorioz, Interneten eskuragai dago jada. Hori dela eta, artistak lana aurreikusi baino lehen kaleratzeko erabakia hartu du.
Lady Gaga abeslari estatubatuarrak espero zuena baino astebete lehenago atera behar izan du "Applause", bere single berria, filtrazio batzuen ondorioz, dagoeneko Interneten eskuratu daitezkeelako abestiaren kopia piratak. "ARTOPOP" diskoko aurrerapen kantua izango da.
‘Hackerrek interneten jarritako kalitate eskaseko kopiak direla eta... pop larrialdi hau jakinarazi nahi dugu... Munstroek lau haizetara zabaldu dezatela’, esan du Lady Gagak Twitter bidez. "Applause", "ARTOPOP" disko berriko aurrerapen kantua, aurkezteko data ofiziala abuztuaren 19a zen. Gainera, Lady Gagak baieztatu du MTV Video Music Awards sari-banaketa ekitaldian singlea zuzenean abestuko duela. Abuztuaren 25ean izango da, Brooklynen (New Yorken).
"ARTPOP" lan berria gailu elektronikoetarako aplikazioarekin batera aterako dute, azaroaren 11n. Katy Perryren kantu berria ere, ‘Roar’ egun horretan aterako da. Hau ere interneten filtratu da denbora baino lehen. Bakarlari biek egungo pop musikaren gailurrean egoteko lehia mantentzen dute.