Itxi

Musika

Elkarrizketa Radio Euskadin

Su Ta Gar: 'Onerako eta txarrerako, garena gara'

A. A.

Taldeak 'Bizirik gaude' diskoa aurkeztu du. Lan berriak izpiritu aldarrikatzailea islatzen jarraitzen duela azaldu dute.

  • Su Ta Gar 'Bizirik gaude' diskoaren aurkezpenean. Argazkia: EiTB

    Su Ta Gar 'Bizirik gaude' diskoaren aurkezpenean. Argazkia: EiTB

25 urteko ibilbidearen ostean, Su Ta Gar euskal talde mitikoak Bizirik gaude disko berria aurkeztu du. "Su Ta Gar euskaraz abestea, musika kañeroa eta aldarrikatzailea nahastearen emaitza da. Beste hizkuntza batean abestu izan bagenu eta beste gai batzuetaz aritu izan bagina, behar bada ondo egongo litzateke, baina ez litzateke hau izango. Ez dakizu zer izan zatekeen", esan dute Aitor Gorosabelek eta Xabi Bastidak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan eskaini duten elkarrizketa batean.

"Onerako eta txarrerako, garena gara", esan dute taldekideek.

Diskoa Gara aldizkariarekin jarri dute salgai eta kioskoetan eskura daiteke. "Egunkari gutxi saltzen dela dirudi. Diskoak ere gero eta gutxiago saltzen dira, gero eta disko-denda gutxiago dago. Gero eta zailagoa da dendatara iristea", azaldu dute Gorosabelek eta Bastidak. Hori dela eta, lan berria kaleratzeko modu desberdin horretan pentsatu zuten: "Kasualitatez izan da. Egunkariaren itxieraren hamargarren urteurrenean Iñaki Sotorekini izan ginen eta ideia horri buruz hitz egiten hasi ginen. Diskoa zertxobait merkeagoa ateratzeko eta herrietara iristeko akordioa lortu genuen. Formula desberdina egin nahi izan genuen".

Oraindik ez dakite zenbat disko saldu dituzten, baina, "oraingoz, ez du itxura txarrik. Agortu egin dira eta bigarren aldiz kaleratuko dute". Hala eta guztiz ere, Su Ta Garren helburua "gehiago saltzea baino, jende gehiagorengana iristea da".

Diskoaren izenari dagokionez, "jendeak taldeari egindako dedikatoria bat dela pentsatu du, baina egia esan diskoko abestiek krisiari buruz hitz egiten dute eta horri buruzkoa da. 'Bizirik gaude' Iker Okandiok idatzitako abesti bat da eta gaur egunera arte langile borrokari esker iritsi garela islatzen du".

"Izenburuak diskoaren xede aldarrikatzailea ondo jasotzen zuela pentsatu genuen", gaineratu dute.