Itxi

Musika

Elkarriketa Radio Euskadin

Delorean: 'Esperientzia hau ez diot nire etsai handienari ere opa'

A.A.

Zarauzko taldearen abeslariak, Eki Lopetegik, Mexikon bahiketa birtuala izan ostean etxean ohiko bizimodua egiten eta birarekin jarraitzeko estudioan lanean aritu direla adierazi du.

  • Eki Loeptegi, Delorean taldeko abeslaria.

    Eki Loeptegi, Delorean taldeko abeslaria.

Mexikon bahiketa jasan ostean, Eki Lopetegi Delorean talde zarauztarraren abeslariak lehen elkarrizketa eskaini du, Radio Euskadin. "Oso ondo gaude, gertatutakoa ez zen atsegina izan, eta ez diot nire etsai handienari ere opa", esan du.

Urrian, taldea "bahiketa birtual" baten biktima izan zen, Mexikon. "Horrelako esperientzia traumatikoen ostean egin dezakezun gauzarik onena lan egitea eta zure onena ematea da", esan du Lopetegik. "Gauza hauek, sendatu baino gehiago, beste gauza batzuekin baztertzen dituzu", gaineratu du.

Familiarekin bildu ostean, Deloreaneko taldekideak Bartzelonara itzuli dira estudioan lanean hasteko: "Oso lasai gaude; izan ere, azken hilabete eta erdian Bartzelonako estudioan lanean buru-belarri aritu gara".

Euskadira itzuli zirenean, Deloreanekoek komunikatu bat argitaratu zuten segurtasun indarren lana eskertzeko eta euren pribatutasuna errespetatzea eskatzeko. Eurei gertatutakoa azaltzeko modurik onena zein den pentsatzen ari dira orain. "Gertatutakoa ezagutzera emango dugu. Ondo kontatzeko eta mundu guztiarentzat ulergarria izateko moduaren bila ari gara. Batez ere, nola gertatu zen argitu nahi dugu", aurreratu du Lopetegik.

Deloreanek kontzertu berezia eskainiko du ostegun honetan, Madrilen, eta agertokietara beldurrik gabe itzuliko da. "Horrelako esperientzia baten ostean, gauzak beste era batera ikusten dituzu. Orain agertokira igotzeko beldurra txikiagoa dela iruditzen zaizu", azaldu du abeslariak. Abestiak zuzenekoetarako prestatu dituzte, eta datozen hilabeteetan besteak beste Japoniara eramango dituen birari ekingo diote. Hala ere, aurretik Bilboko Santana 27 aretoan ere izango dira.

"Esperientzia negatibo hauek ez dute gure musikan tarterik merezi, merezi ez duen jendeari gure bizitzan tartea egitea izango litzatekeelako. Istorioa ez da abesti batean agertuko, baina musika egiteko indar gehiago emango digu", esan du.