Itxi

Musika

XIV. edizioa

Carlos Vives, jaun eta jabe, Grammy Latinoen sarietan

Erredakzioa

Carlos Vives izan da nagusi Grammy Latinoen 14. edizioan, hiru sari irabazita. Alejandro Sanzek sari bat irabazi du.

4:36

Carlos Vives abeslari kolonbiarra izan da jaun eta jabe Grammy Latinoen XIV. edizioan, hiru sari irabazi eta gero: urteko abesti onena, urteko abesti tropikal onena ("Volví a nacer") eta fusio tropikaleko disko onena (Corazón profundo).

Horrez gain, Julio Reyes Copello kolonbiarrak (urteko grabazioaren ekoizle onena) eta Sergio George estatubatuarrak (urteko ekoizle onena) irabazi dituzte Grammy gehien. Bajofondo argentinarrek, Natalia Lafourcade mexikarrak eta Caetano Beloso brasildarrak urrezko bina gramofono irabazi dituzte.

Bestalde, Alejandro Sanzek disko onenaren saria irabazi du, pop garaikidearen kategorian (La música no se toca). Sariak garrantzi berezia duela aitortu zuen artistak, eta galdu berri duen lagun bati eskaini zion.

Mala Rodriguezek ibilbideko bigarren Grammy Latinoa irabazi zuen, musika urbanoaren mailan disko onena izateagatik (Bruja).

Saririk gabe

Miguel Bosek ohorezko saria jaso zuen arren, ez zioten beste garaikurrik eman izendatuta zegoen gainerako ataletan.

Hiru izendapen zituen arren, Pablo Alboran ere esku-hutsik joan zen ekitalditik. Hori bai, zuzenean abestu zuen "Tant" abestia.

Zuzeneko emanaldiei dagokienez, Enrique Iglesiasek bi aldiz abestu zuen: Pitbullekin eta India Martinezekin ("Loco").

Alfonbra berderik ez

Eguraldi txarra iragarrita zegoen arren, antolatzaileek ez zuten datu hori kontuan izan, eta ezin izan genuen ohiko alfonbra berdeko desfilea ikusi.