Itxi

Musika

Elkarrizketa

Aiora Renteria: 'Dave Allenen zigilua soinu nahasketetan nabari da'

A. A.

Zea Mayseko abeslariak Da disko berriak taldearen nortasuna eta musika egiteko modua mantentzen duela esan du, baina ekoizle berriarekin asko ikasi dutela azaldu du.

  • Aiora Renteria Zea Mayseko abeslaria, 'Entrada Libre' saioan. Argazkia: EiTB

    Aiora Renteria Zea Mayseko abeslaria, 'Entrada Libre' saioan. Argazkia: EiTB

Zea Maysek Da izeneko disko berria kaleratu du. Azken lanarekin gailurrera iritsi ostean, lauko bizkaitarra proposamen berriarekin itzuli da. Proiektu berrirako, gainera, lehen aldiz ekoizle baten laguntza izan dute: Dave Allen (The Cure, Depeche Mode...). "Daven zigilua nahasketetan nabaritzen da, atera duen soinuan. Abestietan ez da aldaketa handirik izan. Guk betikoa egin dugu", azaldu du Aiora Renteria abeslariak.

ETB-2ko "Entrada Libre" saioan eskaini duen elkarrizketa batean, Renteriak esan du "plazer bat" izan dela Allenekin lan egitea. "Oso erraza egin digu lana. The Cure taldearekin lan egin duen pertsona batekin lan egitea guretzako ohore bat da", azaldu du.

Da diskoa hamahiru abestik osatzen dute: "Euren artean oso desberdinak dira, bai hizkien eta baita musikaren aldetik ere. Izenak abesti horiek guztiak batzen ditu, istorio desberdinak kontatzen dituzten arren".

Bizitza pertsonala Zea Maysen lanean islatzen da. "Idazteko sistema bat dut: kontatzen ari naizena hitzekin ezkutatzen dut. Nik badakit zer ari naizen kontatzen, baina esan nahi dudan hori ezkutuan gelditzen da. Horrela, pertsona bakoitzak berera eraman dezake. Ez dut kontatzen ari naizen azaltzea gustuko; izan ere, askotan, kontatzen dudan horrek indarra galtzen du", onartu du Renteriak.

Abesti guztiek sentimenduak dituzte hizpide eta, "batzutan ilunak diren arren, beti dute egoera horietatik ateratzeko baikortasuna".

Durangoko Azoka Da diskoaren aurkezpen ofiziala izan zen. "Azoka oso ondo egon zen. Gehiegizkoa izan zen. Etengabe jendea gerturatzen ari zen. Oso gustuko zaituztenak aurrez aurre izatea plazer bat da", esan du abeslariak.