Itxi

Musika

Kontzertua

Robert Plant and The Sensational Space Shifters Bilbon uztailaren 24an

Erredakzioa

Led Zeppelineko kantari mitikoak Guggenheim museoko zabalgunean joko du uztailaren 24an, The Sensational Space Shifters taldeak lagunduta. Sarrerak otsailaren 5ean jarriko dira salgai, 45 euroan.

Rock-and-rollaren historiako inoizko abeslaririk onena da Robert Plant, eta gauza berri gutxi daude haren gainean esateko. Led Zeppelin mitikoen buruan, 300 milioi disko baino gehiago saldu ditu mundu osoan. Plant bidegilea izan zen, gerora haren estiloari jarraitu zioten abeslari andanarentzat: Steven Tyler (Aerosmith), Freddie Mercury (Queen), Paul Stanley (Kiss), Axl Rose (Guns n' Roses)...

Uztailean The Sensational Space Shifters izango du lagun agertokian, eta, haiekin batera, show berritzailea eskainiko du. Psikodelia, African trance, Mississippiko bluesa, Led Zeppelinen klasikoak XXI. mendeko erritmo dantzagarrien iragazkitik pasatuta... Denetarik egongo da emanaldian, antolatzaileen arabera.

Robert Plantek (West Bromwich, Ingalaterra, 1948) 1980an ekin zion bakarkako ibilbideari, John Bonham Led Zeppelineko bateria hil eta taldearekikoak burututa. Harrezkero, hamabost bat lan kaleratu ditu, oso muga lausoetan mugituta: countrya, rythm & bluesa, popa, hard rocka eta heavy metala...

The Sensational Space Shiftersen buruan, Juldeh Camara maisu afrikarra dago, Afrika mendebaldeko erreferente garbia, musikaz haraindi ere. Skin Tyson eta Justin Adams dira gitarristak, eta Billy Fullerrek eta Dave Smithek dute erritmoa jartzeko ardura, baxuan eta baterian hurrenez hurren. Gainera, John Baggot Bristoleko trip hoparen izarrak ukitu elektronikoak gehitzen dizkio oinarri musikalari.

The North Mississippi Allstars, talde gonbidatua

Robert Plant eta The Sensational Space Shifters taldearen aurretik, The North Mississippi Allstars bikoak joko du. AEBetako hegoaldeko rocka eta bluesa jotzen dute Dickinson anaiek, Luther gitarrista eta abeslariak (Black Crowesekin aritzen da gitarrista gisa) eta Cody teklatu eta bateria-jotzaileak. Dickinsondarren Jim aitaren ondareari begiratu, eta gaurkotu egin zuten. Memphiseko soinuaren erakusle garbia izan zen Jim, eta ekoizpen lanetan ere nabarmendu zen: Ry Cooder, Bob Dylan, The Rolling Stones, Primal Scream...

Robert Plant And The Sensational Space Shifters eta The North Mississippi Allstars uztailaren 24an izango dira Bilbon, Guggenheim Bilbao Museoaren zabalgunean, Estatuan Cartagena, Malaga eta Madrilera eramango dituzten bira batean.

Sarreren prezioa 45 (+ banaketa gastuak, aurretiaz erosita) eta 50 (leihatilan) eurokoa da, eta Ticketmaster sarean, Last Tour Internationalen webgunean, 902 15 00 25 telefono zenbakian, FNACen, Carrefourren eta Halcon Bidaiaken bulegoetan erosi ahalko dira, otsailaren 5etik aurrera.