Musika
Musika-Música
Beethoven eta Brahmsekin hitzordua, Bilbon asteburu honetan
Erredakzioa
Jaialdiaren hamahirugarren edizioan, musikaren jeinu aleman handiei begiratuko diete, martxoaren 7, 8 eta 9an.
Musika-Música jaialdiaren hamahirugarren edizioak Beethoven eta Brahms maisuen oinordekotzaz disfrutatzeko aukera emango dio Bilbora bertaratzen den publikoari, Euskalduna jauregian, martxoaren 7tik 9ra.
Beethoven eta Brahms, Alemaniako eta, are gehiago, munduko musikaren maisuak Bilbon protagonista izango dira Musika-Música jaialdian, asteburu honetan.
2014. honetan, Musika-Música jaialdia martxoaren 7tik 9ra izango da. Egun horietan, musikaren bi jeinu hauen arteko antzekotasun eta aldeez gozatzeko, haiekin hunkitzeko, modua egongo da Bizkaiko hiriburuan.
Aurrekoetan bezala, "musika klasikoa publiko orokorrari gerturatzea eta publiko berriak bilatzea" izango dute helburu antolatzaileek. Bide horretan, sarreren prezioari orain arteko mailan eutsiko diote, 2 eta 9 euro artean.
Musika-Música Jaialdiak bertoko eta nazioarteko musikari ospetsuak gonbidatzeko apustuari eutsi dio. Nahiz eta eliteko edo munduko hamar onenen zerrendako kideak ez izan, musikari horiek maila eztabaidaezina dute.