Itxi

Musika

Jazzaldia

Paul Anka eta Dr. John Gasteizko Jazzaldian izango dira

Erredakzioa

Bi horiez gain, Noa, Miguel Poveda eta Chucho Valdes ere egongo dira, besteak beste. Gasteizko Jazzaldiak uztailaren 14tik 19ra eramango ditu jazz doinuak Arabako hiriburura.

  • Dr John Mendizorrotzan izango da, uztailaren 17an

    Dr John Mendizorrotzan izango da, uztailaren 17an

Paul Anka konposatzaile eta kantari kanadarra, Bon Jovi, Michael Jackson, Nirvana eta beste askoren bertsioak eginez, eta Dr. John pianista, gitarrista eta konposatzailea, Louis Armstrong omentzen, izango dira uztailean Gasteizen, hiriko 38. Jazzaldian.

Orain arte, beste hainbat artista iragarrita zituzten antolatzaileek, hala nola Noa israeldar kantaria, Miguel Poveda kantari katalana (biek batera kantatuko dute Mendizorrotzan) eta Chucho Valdes kubatar pianista, Buena Vista Social Club orkestrak lagunduta.

Louis Armstrong omentzeko, Dr. Johnek laguntza izango du: Lionel Ferbos eta Dave Bartholmew New Orleanseko tronpeta-jotzaileak izango ditu aldean, baita Trombone Shorty eta beste gazte batzuk ere. Azken honek, gainera, bere kontzertua egingo du, uztailaren 17an bertan, Orleans Avenue bandak lagunduta.

Hurrengo egunean, uztailaren 18an, Paul Ankak "Rock Swings" diskoa aurkeztuko du. Besteak beste, kantu hauen bertsioak batu ditu Ankak lan horretan: "It's My Life" (Bon Jovi), "Everybody Hurts" (REM), "Tears in Heaven" (Eric Clapton), "Wonderwall" (Oasis) eta  "Smells Like Teen Spirit" (Nirvana).

Disko horri esker, Ankari urrezko diskoa eman diote Britainia Handian, Frantzian eta Kanadan, eta publiko gaztea hurbildu dio. Besteak beste, Ankak "My Way" frantses kantua moldatu zuen, eta, gero, Frank Sinatrak mundu osoan ospetsu egin zuen.

Gainera, Mendizorrotzako kontzertu handi horiez gain, Printzipal Antzokirako beste kontzertu batzuk iragarri dituzte: Ruseel Gunn Jipo-hop ukituak dituen tronpeta-jotzaileak joko du bertan, uztailaren 15ean, Elektrik Butterfly taldeak lagunduta.

Halaber, egoitza horretan Andrea Motis eta Joan Chamorro saxofoi-jotzaileek (uztailak 16), Melissa Aldanak (uztailak 17) eta Kris Bowersek (hilak 18) joko dute.