Musika
Kontzertua
Eleftheria Arvanitakiren zuzeneko indartsua, Arriagan
Arriaga Antzokiak nazioarteko panoramako abeslari greziar ospetsuenaren bisita jasoko du gaur gauean. 2014an Estatuan eskainiko duen emanaldi bakarra izango da.
-
Eleftheria Arvanitaki. Argazkia: Syntorama
Arriaga Antzokiak nazioarteko panoramako abeslari greziar ospetsuenaren bisita jasoko du gaur gauean. Eleftheria Arvanitakik oso kontzertu berezia eskainiko du Bilbon, 2014an Estatu osoan eskainiko duen bakarra.
Sarrerak 10,50 eta 35 euro bitartean eskuratu daitezke Arriaga Antzokiko webgunean eta txateldegian.
Horrez gain, Eleftheriak bere formaturik sendoena erakutsiko digu, musikari handiz osatutako bandak lagunduta: Alexandros Drakos Ktistakis (bateria eta moldaketak), Dimitris Tsakas (saxoa eta gitarra), Giannis Kyrimkyridis (pianoa), Nikos Mermigkas (oudea, lautea, mandolina, bouzoukia) eta George Georgiadis (baxua).
Eleftheria Arvanitakik abeslari gisa duen kategoria musika ulertzeko duen modu zabalak eta musika tradizionala eta garaikidea modu bikainean nahasteko duen gaitasunak azaltzen dute, lirismoa eta musika-tresnen sofistikazioa azpimarratuz. Eleftheriak mundu osoko kontzertu-areto garrantzitsuenetako ikus-entzuleak konkistatu ditu, New Yorkeko Madison Square Garden, Londongo Royal Festival Hall eta Parisko La Cigale ezagunetako ikus-entzuleak, besteak beste. Seguruenik, gauza bera egingo du gaur Arriaga Antzokian, 20:00etatik aurrera.
Abeslari greziarrak oihartzun handia du entzuleen artean, eta, horrela, milaka eta milaka dira mundu osoan eskaintzen dituen kontzertuetara joan nahi dutenak. Baina bere lankide musikarien artean ere ospe handia du, asko baitira azken urte hauetan Eleftheriarekin lan egin nahi izan dutenak. Hor daude mundu osoan izen handia duten musikariekin egin dituen elkarlanak, Cabo Verdeko Cesaria Evorarekin eta Teofilo Chantrerekin, Dulce Pontes portugaldarrarekin, Amaral eta Carlos Núñez espainiarrekin, Ara Dinkjian eta Arto Tuncboyaciyan armeniarrekin edo Ismael Lo senegaldarrarekin. Javier Limón konpositore eta ekoizle ezaguna (Grammy baten irabazleak) ere bere ahotsaz maitemindu zen, eta Mírame (2008) lana ekoitzi zion.