Musika
Kontzertua
Maceo Parker saxofonistaren funka, astearte honetan Bilbon
Natxo Velez | eitb.com
Maceo Parker, urte askoan James Brown soularen aitajaunaren ondoan izan zen saxofoi-jotzailea, BBK Aretoan izango da 20:00etatik aurrera. Txartel guztiak salduta daude jada.
Maceo Parker handia Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusiko BBK Aretoan arituko da gaur, asteartea. 20:00etatik aurrera, saxoaren maisuak dantzan jarriko ditu eraikinera bertaratzen direnak. Sarrera guztiak saldu dira, 28 euroan.
Musika beltzaren mitoaren funk erritmoen oinarria boskote bat izango da: tronboia (Dennis Rollins), teklatuak (Will Boulware), gitarra (Bruno Speight), baxua (Rodney "Skeet" Curtis) eta bateria (Marcus Parker). Gainera, bi abeslari eta koru-egile izango dira agertoki gainean: Darliene Parker eta Martha High.
Saxofonista eta konpositorea James Brownen taldeko kidea izan da urte askoan, eta beste artista eta talde handi asko izan ditu alboan: George Clinton, Bootsy Collins, Ray Charles, Prince, Ani DiFranco, Red Hot Chili Peppers, Living Colour, Keith Richards, Bryan Ferry eta Dave Matthews, esaterako.